Podcastetara ere zabaldu du Euskaraldiak, bere baliabide eta tresna sorta, hizkuntza ohituretan eragiteko bide horretan lagungarri izan daitezen. Zapla! izeneko podcasta sortu du EiTB podkast plataformarako, eta atari horretan (eitb.eus/zapla) egongo dira entzungai, Euskaraldia hasi aurretik, bitartean eta ondoren. Izan ere, «Euskaraldiaren hirugarren edizio honen kontestuan sortu bada ere, gerora ere erabilgarria izango den tresna dela uste dugu», nabarmendu dute podcastaren sortzaileek.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko gida modura sortu dute podcasta, eta Monika Belastegi eta Juan Kruz Lakasta kazetariek gidatuko dute. Lau atal izango ditu guztira, bakoitza ordu erdikoa, «euskeraren erabilera haunditu eta hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzten herritarrei tresnak eskaintzeko helburuarekin». Azaroko lau asteartetan argitaratuko dituzte, eta aurreneko biak dagoeneko entzungai daude. Datorren asteartean eta hilaren 22an jarriko dituzte beste biak.
Hizkuntza portaerekin lotutako edukiak, adituekin
Atal horietan, landuko dituzte hizkuntza portaerekin lotutako edukiak: «estres linguistikoa, sumisio linguistikoa, asertibitatea eta hizkuntzarentzako gune babestuak izango dira, besteak beste, landuko diren kontzeptuetako batzuk». Horretarako, adituekin elkarrizketak egingo dituzte, atal bakoitzean.
Zapla! podcastaren aurreneko saioan, esaterako, Gemma Sangines psikologoa izan da elkarrizketatu nagusia, eta estres linguistikoaz, hizkuntza sumisioaz eta asertibitateaz aritu dira berarekin. Gainera, aurreneko saio horretan parte hartu du Juan Ignacio Perez Iglesiasek ere, Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari eta Jakiundeko presidente denak. Hizkuntza hautuaren inguruko testigantza eskaini du berak.
Bigarren atalean, berriz, Imanol Artola Felix soziolinguista elkarrizketatu dute, eta ahalduntze talde eta eskolen gaia landu dute. Zehazki, Tolosaldean egindako aurreneko bi esperientzien berri eman du Felixek. Mikel Martinez aktoreak ere hartu du parte saio horretan: bere hizkuntza bidaia kontatu du, eta bidaia horretan egindako hizkuntza hautuak azaldu.
Elkarrizketa eta testigantza horien bitartez, podcastaren sortzaileen asmoa izan da «ahobizi eta belarriprest rolak jokatuko dituzten herritarrentzako baliabideak eskaintzea». Baliabide horiek lantzeko, gainera, «hainbat egoera zehatz» ere irudikatu dituzte, adituen aholkuak jaso ahal izateko.
EiTB podkast plataforman ez ezik, beste lau audio plataformatan ere entzungai daude atalak: Google podcast, Apple podcast, Ivoox eta Spotify.