Euskaraldia

Euskeraz bizitzea oztopatzen duten faktoreak argitara, Gaztealdiarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 12a, 00:00

Gaztealdiaren berri eman zieten atzo, hernaniarrei, udaletxeko aretoan.

Datorren astean, azaroaren 14tik 17ra, izango da Gaztealdiaren bigarren edizioa, Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatuta. Euskaraldiaren leloari buelta eman, eta aldarrikatu dute «ekintzez hitz egiteko garaia» dela. Kalean zein sare sozialetan, #EuskarazBizikoGara traolarekin salatuko dituzte euskeraz bizitzeko oztopoak.

Ariketa kolektibo erraldoia izango da Euskaraldia, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hizkuntza ohituretan eragiteko. Eta horren atarian, beste ariketa kolektibo praktiko bat proposatu du Gazte Euskaltzaleen Sareak, datorren asterako: Gaztealdia egingo dute, azaroaren 14tik 17ra.

Ostegunean aurkeztu zuten Hernaniko eta inguruko gazteen aurrean, eta beste hainbat herritan ere eman dute ekimenaren berri. Ariketa kolektibo horren bitartez, «euskeraz bizitzeko hautua» hartuko dute gazteek; eta era berean, identifikatu nahi dute «zein faktorek oztopatzen duten hautu hori». Izan ere, diote oztopo horietako batzuk «estrukturalak» direla, eta horiek azaleratu eta eraldatu nahi dituzte.

 

«Euskeraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldia gara»

Zentzu horretan, Gazte Euskaltzaleen Saretik nabarmendu dute «euskeraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldia» direla, eta hori aldatu nahi dutela, «gure eskubidea» delako». Horregatik, mahai gainean jarri nahi dute zein faktorek eragiten duten hizkuntza ohituretan, zein erreferente dauzkagun euskeraz, zein aukera edukiak euskeraz kontsumitzeko... «Oro har, Euskal Herriko gazte batek zein arazo dituen euskeraz bizi ahal izateko».

Nabarmendu dute, «hitzez harago, ekintzez hitz egin» nahi dutela. Eta horixe da, hain justu, aurtengo Gaztealdiaren leloa: Euskaraldiaren leloari (Hitzez ekiteko garaia da) buelta eman diote, eta aldarrikatu dute ekintzez hitz egiteko garaia dela: «hamaika oztopo bizi ditugu euskeraz bizitzeko hautua egin dugun gazteok, eta dena ezin da norbanakoaren motxilaren gain utzi. Horregatik diogu, Euskaraldiak proposatzen duen ariketa babestu eta parte hartzeko deia egiteaz gain, ekintzez hitz egiteko garaia ere badela. Ekintzez ari garenean, egiturazko baldintza egokiak sortzeaz ari gara, gazteok etengabeko estres linguistikoan bizi behar ez gaitezen. Alegia, egun horrela bada ere, etorkizunean euskeraz bizitzea ez dadila izan ahalegin bat suposatuko duen hautu politiko kontziente bat».

 

Nola hartu parte Gaztealdian?

Sarean egin zuten Gaztealdiaren aurreneko edizioa, eta oraingoan, bi esparrutan eragin nahi dute: sare sozialetan ez ezik, baita kalean ere. Horretarako, batetik, proposatu dute erabiltzea #EuskarazBizikoGara traola, eta aipatzea Twitterreko zein Instagrameko @Gaztealdia orrialdeak. Eta bestetik, hainbat baliabide grafiko (kartelak eta pankartak) jarri dituzte denen eskura, «agitproperako (agitazioa eta propaganda), salaketarako zein aldarrikapenerako». Horiek eskuragarri daude Gaztealdiaren Twitterreko kontuan.

Horien guztien bitartez, sarean zein kalean salatu nahi dituzte «euskeraz bizitzea oztopatzen duten egoerak». Norberari gertatutako egoeren berri eman eta aldarria zabaltzeko deia luzatu diete gazte guztiei. «Horrela frogatuko dugu, euskeraz biz nahi eta ezin duen belaunaldia garela. Baina, batez ere, euskeraz biziko den belaunaldia izango gara. Sarea eta kaleak hartuko ditugu, gazteriari eta gazte mugimenduei dei eginez, eta eskura dauzkagun baliabide guztiak erabiliz». 

2020ko azaroan egin zuten Gaztealdiaren aurreneko edizioa, eta bestelakoa izan zen formatua: Euskal Herri osoko bederatzi gaztek hartu zuten parte, eremu geografiko eta errealitate soziolinguistiko desberdinetakoak; eta zortzi egunez euskera hutsean bizitzeko ariketa egin zuten, euskeraren erabilera baldintzatzen duten faktoreak aztertzeko. Horien berri emateko, bere testigantza eskaini zuten sare sozialetan, bideo bidez.

Aurten ere egingo dute horrelakorik, eta partekatuko dituzte lau egunez euskera hutsean bizitzeko hautua egin duten gazteen testigantzak. Baina haiek sarean konpartitutako esperientzietatik harago, ariketa kolektiboa izango da oraingoan, gazte guztiei parte hartzeko deia luzatuta; eta kalera ere aterako dute ekimena oraingoan.

Ez da izango, ordea, Gazte Euskaltzaleen Sareak euskeraz bizitzeko aldarria kalera zabalduko duen aurreneko aldia: aurtengo maiatzaren 21erako, manifestazio erraldoia deitu zuen Donostian, Euskara aurrera lelopean, eta milaka eta milaka lagun elkartu ziren, euskerari bultzada eman eta euskaldunak aktibatzeko asmoz.

Maialen Arteaga eta Beñat Jusue, Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak.
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!