Hortzak zorroztuta baino, ahoak bizi eta belarriak prest izango dituzte, dagoeneko, milaka euskal herritarrek. Sei egun besterik ez dira falta, Euskaraldiaren hirugarren edizioa hasteko, Hitzez ekiteko garaia da lelopean. Eta aurtengoan, 15 egunez egingo dute ariketa soziala partehartzaileek. Datorren ostiralean hasiko da Euskaraldia, azaroaren 18an; eta Euskeraren Egunaren bezperan bukatu, abenduaren 2an.
Beste behin, ariketa «masiboa» izango dela ziurtatu dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko kideek, «erritmo onean» dijoalako izenematea. Edonola ere, oraindik apuntatu ez diren ahobizi eta belarriprestei luzatu diete deia, animatu eta izena emateko. Horretarako egin zuten agerraldia, hain justu, aurreko asteartean: kultur, kirol eta komunikazio arloko hainbat lagun elkartu ziren Donostiako San Telmo museoan, adierazteko Euskaraldian parte hartuko dutela, eta gonbitea luzatzeko herritarrei, 15 egunez ahobizi edo belarriprest roletan aritu daitezen. Horien artean izan ziren Maialen Chourraut, Joseba Usabiaga eta Xabier Saldias, besteak beste.
Euskaraldiaren sustatzaileek «garrantzia haundia» eman diote «ariketa jendetsua» izateari. Izan ere, «lagungarria» da inguruan ahobizi eta belarriprest ugari izatea, «partehartzaileen hizkuntza ohiturak aldatzeko».
Izena emateko epea, oraindik zabalik
Hori horrela, izena eman ez dutenei gogorarazi diete epea zabalik dagoela oraindik, Euskaraldian izena emateko. Internet bidez egin daiteke, izenematea.euskaraldia.eus atarian, formulario labur bat beteta. Herriz herri, Euskaraldiaren koordinatzaileen bulegoetan ere egin daiteke presentzialki; Hernanin, esaterako, Dobera Euskara Elkartearen egoitzan (Larramendi kalea 11, behea).
Aurreko edizioetan parte hartu dutenentzat, oso erraza da izenematea berrestea; eta partaide berriek, datu gutxi batzuk besterik ez dituzte bete beharko izena emateko. Zentzu horretan, nabarmendu dute izenematea berrestearen garrantzia, «hirugarren edizio honetan egingo den ikerketarako».
Partehartzaileen erronkak, hizkuntza ohiturak aldatzeko abiapuntu
Euskaraldiaren helburu nagusia da herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskeraren erabilera haunditzea. Euskera ulertzea da horretarako gutxieneko baldintza, eta helduen aktibazioa bilatzen du. 2018an egin zen aurreneko aldiz, 11 egunez, fokua norbanakoengan jarrita. 2020an, berriz, entitateei ere luzatu zieten parte hartzeko gonbidapena, eta ariguneak sortu ziren: euskeraz lasai aritzeko guneak.
Hirugarren edizioa du aurtengoa Euskaraldiak, baina aurrekoen berbera izango da hizkuntza ohiturak aldatzeko abiapuntua eta motorra: partehartzaile bakoitzak bere buruari jarritako erronka. Hori horrela, «erronka zehatzak» jartzeko gonbitea egin dute ekimenaren sustatzaileek, «euskerazko harremanak areagotzeko eta hizkuntza portaera berriak probatzeko» lagungarria dela azpimarratuz. Horren harira, nabarmendu dute Euskaraldirako makina bat erronka proposatu dituztela milaka hiztunek, azkeneko hilabeteotan herriz herri egin dituzten Hitzez ekiteko ekitaldietan; eta horiek izango direla «norberaren hizkuntza ohiturak aldatu eta inguruko pertsona eta erakundeetan eragiteko tresnarik onena».
Txapak, banderatxoak eta kartelak, Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko
Euskal Herriko laurehun herri baino gehiagotan ari dira partehartzaileei Euskaraldiko txapak banatzen, eta beste askotan ere banatuko dituzte datozen egunetan. Milaka ahobizi eta belarriprest txapa banatuko dituzte guztira, eta txaparen garrantzia azpimarratu dute Euskaraldiaren arduradunek: 15 egunetan txapa jantzita eramateko deia egin dute. «Aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohituren aldaketetan, eta horregatik, ariketan zehar txapa erabiltzeko gonbitea luzatu nahi dugu», adierazi dute.
Euskaraldia kalean ikusgarri egiteko modu bat ere izango dira txapak, baina ez bakarra. Horretarako, kaleak «janzteko» deia ere egin dute, eta hainbat baliabide jarri dituzte eskuragarri, horretarako: leiho eta balkoietan jartzeko banderatxoak, eta herriz herri zabaldu dituzten kartelak.