Euskararen normalizazioaren bidean hamarkada oparoa izan zen 1980koa, orduan sortu baitziren herri askotan euskara elkarteak eta euskararen erabilera sustatzeko lehen herri aldizkariak. 90eko hamarkadan etorri zen jauzia, 40 elkarte inguruk euren tokiko komunikabideak sortu zituzten eta. Hego Euskal Herriko elkarteen eta tokiko komunikabideen indarrak batu eta arazoak elkarrekin konpontzeko helburuarekin sortu zen, 1993an, Euskaltzaleen Topagunea, eta, haren baitan, Hedabideen Saila ere martxan jarri zen.
Sektorearen behar bereziei modu eraginkorragoan erantzuteko beharrak, ordea, Hedabideen Sailari izaera propioa ematea eskatzen zuen, eta horren ondorioz sortu zen Tokikom, 2012an.
Komunikazio Taldea
Hasieran tokiko komunikabideak taldekatzeko marka gisa sortu bazen ere, egitasmo trinkoa eta indartsua da hamar urteren ostean. Egun, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom Komunikazio Taldea, eta, guztira, 76 hedabide kudeatzen dituzte: 32 webgune, 28 aldizkari, bost telebista eta bederatzi irrati. Hain zuzen, 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan eta Euskal Herri osoko 307 udalerritara iristen dira.
Egindako ibilbidearen nondik norakoak ezagutu eta Tokikom osatzen duten bazkideen aniztasunari balioa emateko asmoz, urte hauetako protagonisten hitzak ekarri ditugu orriotara.