Tokiko komunikazio proiektuak sarituko ditu Tokikomek bihar, eta Kronika da hautagaietako bat

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 10a, 00:00

Tokikom Sarien 2021eko ekitaldiaren uneetako bat.

2022ko Tokikom Sarien ekitaldia, barrura begirakoa izango da. Hala ere, hamargarren ospakizun publikoa egiteko, Tokikom taldea beste ekitaldi haundiago bat prestatzen ari da. 

Tokikomek bihar egingo du Tokikom Sariak banatzeko ekitaldia, Arantzazuko Santutegian. Aurtengo ekitaldia berezi samarra izango dela aurreratu du Tokikomek: «Komunikazio taldetik, Tokikomen sorreraren 10garren urteurrenarekin lotu nahi baitugu». Horregatik, azkeneko 10 urteotan nabarmendu diren tokiko komunikazio proiektuak sarituko ditu Elkarrekin bidea eginez lelopean, eta finalisten artean izendatu du Kronika.

Sariak banatzeaz gain, Tokikomek aukera aprobetxatu du taldearen 10 urteko istorioa laburbiltzen duen ikus-entzunezko lan bat estreinatzeko. 

Horrez gain, goizean zehar hainbat mahai-inguru izango dira, Tokikom osatzen dute toki komunikabideen arteko iritzi trukea sustatzeko, sektoreak hurrengo urteetarako mahai gainean dituen erronkak ardatz hartuta, hala nola, Tokikomen izaera, hurrengo urteko funtzioa, digitalizazioak dakartzan aukera berriak... Mahai-inguru horretan, taldea osatzen duten komunikabideen esperientziak ere erdigunean jarriko dira. 

Aurreko edizioetan ez bezala, 2022ko Tokikom Sarien ekitaldia gehienbat barrura begirako topaketa izango dela azpimarratu du Tokikomek: «Taldea osatzen duten bazkideen arteko harremanak landu eta hurrengo urteetako lana enfokatzeari begira». Dena den, lan-taldea beste ekitaldi haundiago bat prestatzen ari da, urteurren ospakizuna publikoa egite aldera. 

 

76 komunikabidez osatutako familia, Tokikom 

Gaur-gaurkoz, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak. Zehatzak izateko, 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. 240 langilek jarduten dute buru-belarri taldeko komunikabideetan, %58 emakumezkoak, eta Euskal Herri osoko 297 udalerrietara iristen direla ere ziurtatu dute Tokikomekeko ordezkariek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!