Haur jolasak, herri kirol desafioa eta bazkaria, igandean, Martindegin

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 9a, 00:00

Herri kirolen desafioa eguerdiko 12:30etan hasiko da. Martindegiko gazteek, Ereñotzuko gazteen aurka neurtuko dituzte indarrak. 

Martindegiko auzotarrek San Martin jaia antolatu dute iganderako. Egun osorako egitaraua prestatu dute haur, gazte zein helduentzako aproposa izango dena, hain zuzen. Goizeko 11:00etan hasiko da San Martin jaia, haurrentzako jolasekin. Martindegiko txikiek jolasak amaitzean, herri kirolen desafioari emango zaio hasiera. Ez da edonolako desafioa izango, Martindegi bailarako gazteek, Ereñotzuko bailarako gazteen aurka neurtu beharko baitituzte indarrak. Martindegi auzoa errepresentatuko dute; aizkoran, Axel Larrañagak eta Malen Barrenetxeak; trontzan, June Artolak eta Aiert Salaberriak; eta harria jasotzen, Gorka Gartzia ariko da. Ereñotzuren izenean, berriz, honakoak ariko dira: aizkoran, Laiene Pikabea eta Igoin Pikabea; tronkan Arale Agirre eta Anartz Oiartzabal; eta harria jasotzen, Beñat Atxaga izango da. 

 

Bazkaria, auzotarrek 

San Martin jaia borobiltzeko, bazkari baten bueltan bilduko dira Martindegiko auzotarrak. Bazkaria, euskal parrilaren eskutik izango da. Tiketak 12 euro balio du haurrentzat, eta 25 euro, helduentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!