Semifinaletara pasea, Elur Txorik eta Ur Miak

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

B multzoko lidertza dagoeneko ziurtatu du Ur Miak, eta gutxienez bigarren izango da Elur Txori A multzoan.

Gauza asko argitu ditu ligaxkako azkenaurreko jardunaldiak, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Horietako bat da, finalaurrekoetan ariko direla Ur Mia eta Elur Txori ziur, eta elkarren kontra jokatu beharko dute agian.

Ur Miak ziurtatuta dauka Beheko B multzoko aurreneko postuan bukatzea. Berdinketa lortzea nahikoa zuen Zarautz 2 taldearen kontra, eta horixe da egin zuena: 8-8 berdindu zuten. Horrela, 13 punturekin dago talde ereñotzuarra, 6 punturekin berdinduta daude Ategorrieta eta Ostadar, eta 4 punturekin Zarautz 2.

Beheko A multzoan, berriz, pasea ziurtatu du Elur Txorik, Herrerari 13,5-2,5 irabazi ondoren. Orain, aurreneko postua eskuratzen saiatuko dira hernaniarrak: 10 punturekin daude, eta 12 puntu dauzka Zarautz 1ek.

CD Hernani, ordea, aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da, A multzo horretan. Zarautz 1en kontra galdu zuen 13-3, eta 4 punturekin dago sailkapenean.

Aste honetan jokatuko dute ligaxkako azkeneko tiraldia. Elkarren kontra ariko dira CD Hernani eta Elur Txori, eta Ategorrietaren kontra jokatuko du Ur Miak.  Eta datorren astean bertan izango dira semifinalak, multzo bakoitzetik sailkatu diren bi taldeekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!