Hernaniko bikote bana finalista, neska nagusien bi mailetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

Irati Miner hernaniarra, Intxurreren kontrako partiduan.

Enara Macicior eta Ane Kerejeta 30-16 nagusitu ziren bigarren mailako semifinalean.

Gipuzkoako Txapelketaren azken txanpan sartu dira, kategoria gehienetan; eta emaitza gazi-gozoak lortu dituzte asteburuan. Neska nagusietan izan dira gozoenak, finalera sailkatu baita Hernaniko talde bana, bi mailetan. Lehenengo mailan, Miren Goikoetxeak eta Maider Huizik jokatu zuten ligaxkako azkeneko partidua, Su Berriko Galdosen eta Mendizabalen kontra; eta 13-30 galdu zuten, baina finalera pasea lortu dute hala ere. Bigarren mailan, berriz, semifinala jokatu zuten Enara Maciciorrek eta Ane Kerejetak, Intxurreko Muruaren eta Olanoren kontra; eta 30-16 irabazi zuten, beraien partidu onena ez jokatu arren. Datorren asteburuan jokatuko dituzte bi finalak.

Emaitza gaziak, berriz, mutil nagusietan izan dira. Batetik, bigarren mailan, jaitsiera saihesteko kanporaketa ari da jokatzen Hernani, Errenteriako Batzokikoren kontra; eta oso aldapa gora jarri zaio: 4-25 galdu zuten Mikel Manterolak eta Iker Zurutuzak, joaneko partidua.

Eta bestetik, hirugarren mailan, final laurdenetako partidua jokatu zuten Mundarroko Goizuetak eta Larramendik, Ospeleko Contrerasen eta Lertxundiren kontra; eta ez zuten aukerarik izan: 25-2 galdu zuten.

Neska jubenilek, bestalde, ligaxkako zortzigarren partidua jokatu zuten, eta beste garaipen bat lortu  Maddi Iriondo eta Irati Miner hernaniarrek, Intxurreren kontra (30-11). Bi jardunaldi falta direnean, lider jarraitzen dute, zazpi garaipenekin, Txulobirekin berdinduta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!