Bi garaipen garrantzitsu, momenturik onenean

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

Busto astigartarra, baloiarekin.

Mundarroko neskek 49-46 menderatu zuten Tecnun, eta Hernaniko mutilek 42-29 irabazi zuten DKSren kantxan.

Asteburuko emaitzak gazi-gozoak izan arren, oso garrantzitsuak izan dira gozotik jo duten biak, Urumea bailarako taldeentzat. Izan ere, denboraldiko bigarren garaipena lortu dute, momenturik onenean, Mundarroko neskek Gipuzkoako lehenengo mailan, eta Hernaniko mutilek Gipuzkoako bigarren mailan.

Etxean lortu zuen garaipen estua Mundarrok, Tecnunen kontra (49-46). Gogotik egin behar izan zuten lan, oso aldapa gora jarri baitzitzaien partidua, atsedenaldira iristerako (18-28). Baina bikain aritu ziren hirugarren laurdenean, eta 21-4 partzialarekin, markagailua irauli zuten (39-32). Bi aldiz jarri zen hiru puntura Tecnun (39-36 eta 47-44), baina garaipena etxean geratu zen azkenean. Horrekin, sailkapeneko bigarren postura igo da Mundarro.

Hernanik, bere aldetik, DKS kontrario zuzenaren kantxan irabazi zuen (42-49). Oso berdinduta izan ziren bi taldeak partidu osoan, eta 31-30 galtzen iritsi zen Hernani azkeneko laurdenera. Baina bukaerako minutuetan, oso fin aritu ziren hernaniarrak, eta garaipena lortu zuten. Horrekin, DKSrekin eta Casa de la Riojarekin berdindu dute sailkapenean, eta atzean utzi dute Easo, garaipenik gabe dagoena.

Mutilen lehenengo mailan, berriz, porrota gogorra jaso zuen Mundarrok, Internacional taldearen kantxan (74-55).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!