3 puntu batu dituzte Hernaniko talde nagusi guztiek, azken jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 00:00

Mondragonek ez zuen Hernani gelditzea lortu, eta 5-0 irabazi zuten etxekoek.

Liga Nazionalean, mutil jubenilek 1-0;  Ohorezko Erregionalean, neskek 5-0 eta mutilek 5-0. 

Asteburu borobila izan da Hernaniko talde nagusientzat, hirutik hiru norgehiagoka irabazita. Ezin hobe aritu dira guztiak, eta emaitzek horixe bera erakutsi dute. Indartsu dago une honetan Hernani, eta, datozen jardunaldietan, erakutsitako maila ona mantentzea dute helburu. 

Liga Nazionalean, mutil jubenilen taldeak 1-0eko garaipena izan zuen Indartsuren aurka. Haritz eta Aingeru Otxotorenaren mutilek sendo heldu zioten bizkaitarren aurkako erronkari, eta etxean gelditu ziren hiru puntuak. 

Bere aldetik, Ohorezko Erregional mailan, nesken eta mutilen taldeek Zubipen jokatu zituzten jardunaldi honetako partiduak. Neskek Zumaiako izan zuten aurrez aurre, eta berdeena izan zen garaipena. Borobila izan zen, gainera, lortutako emaitza: 5-0ekoa, Cesiaren bi golekin, eta Sararen, Enireren eta Sylviaren beste gol banarekin. Atsedenaldira, hori bai, 0-0koarekin iritsi ziren hernaniarrak. Baina bigarren erdia oso bestelakoa izan zen, eta orduantxe lortu zuen Hernanik aurrea hartzea eta baloia hiru zutoinen barruan sartzea. 

Mutilek ere sekulakoa egin zuten herenegun, Zubipen. 5-0 irabazi zuten Mondragonen kontrako lehia, Ioritzen, Manciren, Xabiren, Oyarbideren eta Lizarazuren golekin. Berdeak saiatu ziren beraien jokoa mantentzen eta jokaldi onak egiten, eta horrelaxe heldu ziren golak, taldearen pazientziarekin eta koordinazio onarekin. Aurkarien gainetik mantendu ziren norgehiagoka osoan, eta markagailuak etxekoen alde egin zuen. 

 

Mundarrok, porrota

Mutil erregionalen gorengoen mailan, moreek kolpea jaso zuten larunbatean, Ostadarren kontrako partiduan. 1-4 galdu zuten etxean, norgehiagoka zail baten ostean. Hasiera parekatua izan bazen ere, lasartearrek aurrea hartu zuten atsedenaldira heldu aurretik, eta, bigarren erdian, Mundarrok ez zuen lortu aurkariak gelditzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!