Nerea Ibarzabal gaur Irunen, BTNren hirugarren finalaurrekoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 00:00

Nerea Ibarzabal, Gotaine-Irabarneko kanporaketan.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako aurreneko pausoa ematen saiatuko da markina-xemeindarra.

Hirugarren geltokia izango dute gaurkoa, Irunen, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoek. Bertan ariko da Nerea Ibarzabal, Hernanin bizi den markina-xemeindarra, bost kantukiderekin batera: Ane Labaka, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus, Jone Uria eta Sustrai Colina.

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da saioa, Ficoban; eta sarrerak eskuragarri daude: bertsosarrerak.eus webgunean, 12:00ak arte; edo leihatilan, 15:00etatik aurrera. Bestela, telebistan ere jarraitu ahal izango da, ETB4k zuzenean emango baitu finalaurrekoa.

Kanporaketetan bere saioa irabazi zuen Ibarzabalek, eta fase osoko puntuaziorik onena lortu (738 puntu), Alaia Martinekin batera. Orain, finalerako aurreneko pausoa ematen saiatuko da Bizkaiko txapelduna, ahalik eta puntuazio altuena lortuta. Gaurko saioa irabaziz gero, Baionan ariko da, azaroaren 26an, finalaurrekoen bigarren itzulian. Edonola ere, 640 puntu lortuz gero pasea ziurtatua izango du. 

Dagoeneko sailkatuta daude Agin Laburu astigartarra (677 puntu) eta Unai Agirre hernaniarra (652,5 puntu), bigarren itzuli horretara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!