Aurreneko postuaren bila, Ur Mia eta Elur Txori

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 5a, 00:00

CD Hernanik 3-13 galdu zuen astelehenean Zarautzen, eta aurrera egiteko ia aukerarik gabe geratu da Taldekakoan.

Azken txanpan sartu da Gipuzkoako Taldekako Txapelketa. Aste honetan zehar ari dira jokatzen ligaxkaren azkenaurreko jardunaldia, eta dagoeneko gauza asko argitu dira. Esaterako, CD Hernanik oso zaila daukala semifinaletara sailkatzea, eta horrekin batera, Elur Txorik ia ziurtatu duela pasea, Beheko A multzoan. Izan ere, astelehenean jokatu zuen tiraldia CD Hernanik, Zarautz 1en kontra; eta 3-13 galdu zuen.

Hori horrela, 4 punturekin dago sailkapenean, eta 7 puntu dauzka Elur Txorik. Elkarren kontra ariko dira azkeneko jardunaldian, baina Elur Txorik nahikoa du berdinketa bakar bat lortzea: Herreraren kontra gaur, 11:00etan Benta Berrin; edo datorren asteko derbian. Pasea ia eskuetan duela, aurreneko postua ez dauka ezinezkoa Elur Txorik: 12 punturekin dago Zarautz 1. Azkeneko bi tiraldietan lortu beharko luke garaipena talde hernaniarrak, eta zarauztarrek Herreraren kontra galtzea azkeneko jardunaldian.

Aurreneko postua esku-eskura daukana Ur Mia da, Beheko B multzoan. Ereñotzuarrek 9 puntu dauzkate, eta nahikoa dute azkeneko bi tiraldietako batean berdinketa lortzea, lidertza ziurtatzeko. Gaur dute horretarako aukera, Zarautz 2 taldearen kontra, Zarautzen. Ategorrietaren kontra jokatuko dute ligaxkako azkena, datorren astean .

Multzo bakoitzeko bi onenek egingo dute aurrera, eta semifinalak jokatuko dituzte, azaroaren 20ko astean: A multzoko aurrenekoa B multzoko bigarrenaren kontra, eta alderantziz. Lehenengo sailkatuaren bolatokian izango da tiraldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!