Final haundirako txartelaren bila aurrez aurre, Exposito eta Salaberria

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 4a, 00:00

Hodei Exposito eta Iker Salaberria, aurreko asteburuan. Argazkia: Aspe Pelota

Gaur jokatuko dute Promozioko Lau t'erdiko Txapelketaren semifinala, Iker Salaberria goizuetarrak eta Hodei Exposito astigartarrak, iluntzeko 20:45etan hasita Amorebietan. Bihar, berriz, Pelota Eguna ospatuko dute Hernanin.

Egun haundia izango da gaurkoa Urumea bailarako esku pelotarentzat: semifinala jokatuko dute Hodei Exposito astigartarrak eta Iker Salaberria goizuetarrak, elkarren kontra, Promozioko Lau t'erdiko Txapelketan. Amorebietan ariko dira, iluntzeko 20:45etan hasita, final haundirako txartelaren bila.

Duela hiru urte egin zuen profesionaletan debuta Salaberriak, eta maila gorenean estreinatu berria da Exposito. Baina oso ondo ezagutzen dute elkar, edonola ere. Afizionatu mailan askotan izan dira aurrez aurre, txapela janzteko lehian noiz edo noiz. Eta txapel bat daukate jomugan, oraingoan ere. Sari potoloa baitauka gaurko partiduak: final haundia jokatzeko txartela, Julen Egigurenen kontra, azaroaren 12an Iruñeko Labriten.

Salaberria izango da faborito gaurkoan, ligaxkan jokatutako partidu guztiak irabazi baititu. Baina ez dizkio lanak erraztuko Expositok, eta halaxe erakutsi zion aurreko asteburuan: binakako partidua jokatu zuten elkarren kontra, Salaberriak Rezustarekin eta Expositok Zabaletarekin; eta astigartarrak lortu zuen garaipena (22-14).

Edonola ere, erreferentziak kamuts geratzen dira, gaurkoa bezalako partiduetan. Biek ala biek aritu beharko dute bere maila onenean, finalera pasea lortuko badute. Eta horretarako, animorik ere ez dute faltako harmailetatik. Sarrerak eskuragarri daude oraindik, aspepelota.eus webgunearen bitartez: kantxakoak 25 euroan, eta harmailetakoak 15 euroan. Gainera, ETB1ek eskainiko du partidua telebistan, 22:00etatik aurrera.

Pelota Eguna ospatuko dute bihar Hernanin, aurrenekoz

Gaurkoa bakarrik ez, ederra izango da biharko eguna bailaran, esku pelotari dagokionez. Izan ere, Pelota Eguna ospatuko dute Hernanin, aurreneko aldiz, CD Hernaniko esku pelota atalak antolatuta. Egun osoan zehar izango dira ekintzak, frontoian, Tilosetan eta Atsegindegin.

Esku pelota partidu batekin hasiko dute festa, noski, goizeko 11:00etan kiroldegiko frontoian. Eta ez da nolanahiko partidua izango, gainera: Gipuzkoako Txapelketaren semifinala jokatuko dute Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak, nagusien lehenengo mailan. Bergarako Etxaniz eta Gartzia izango dituzte kontrario, finalerako txartela lortzeko. Animorik ez dute faltako: CD Hernaniko pelotariak egongo dira harmailetan, denak txuriz jantzita; eta herritar guztiei luzatu diete deia, partidu garrantzitsua ikustera gerturatzeko.

Partidua bukatuta, eguerdiko 12:00ak aldera, elkarrekin joango dira denak, frontoitik Tilosetara. Bertan izango du segida ospakizunak. Izan ere, klubeko esku pelotarien eta entrenatzaileen aurkezpen ofiziala egingo dute, ekitaldi batekin. Bertso saio batekin emango diete hasiera ekitaldiari.

Eta aurkezpen kontuak bukatuta, jolasen txanda izango da, 12:30ak aldera: lokotx bilketan ariko dira benjaminak, arrautzaren jolasean alebinak, zaku lasterketan infantil, kadete eta jubenilak, eta globo jolasean seniorrak eta gurasoak. Ondoren, denak elkarrekin ariko dira barru jolasean, Tilosetako frontoian.

Dena ez da kirola eta jolasa izango, ordea. Bazkalorduan, Atsegindegira mugituko dira, eta bazkaria egingo dute bertan, 14:15ak edo 14:30ak aldera. Txartelak aurrez erosi behar ziren, eta honakoa izango da menua: paella, postrea eta kafea. Kafe garaian, gainera, zozketak egingo dituzte. Eta festa borobiltzeko, Jon Izagirre disko jartzaileak jarriko du musika, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.

 

Logoa berritzeko lehiaketa, Umore Ona pelota eskolak

Goizuetako Umore Ona pelota eskola, bestalde, bere logoa berritzeko asmotan da. Horretarako, lehiaketa jarri du martxan, eta nahi duten guztiei luzatu die parte hartzeko deia. Emailez bidali behar dira logo proposamenak, helbide honetara: umoreonapilotaelkartea@hotmail.com. Horretarako, abenduaren 22ra arte dago epea, eta saria jasoko du irabazleak: Umore Onaren motxila eder bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!