Oier Arsuaga eta Imanol Ormazabal txapeldun, Gartzaronen

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 1a, 08:28

Oier Arsuaga eta Imanol Ormazabal, Gartzarongo Txapelketa irabazita, trofeo eta txapelekin.

18-15 irabazi zuten finala, Balda eta Santesteban nafarren kontra. Gipuzkoako Txapelketan, berriz, multzoko aurreneko postuan bukatu dute Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak, nagusien lehenengo mailan; baina txapelketatik kanpo geratu dira Eñaut Lizeaga eta Oier Gurutzealde.

Primerako bikotea osatzen dute Oier Arsuaga hernaniarrak eta Imanol Ormazabal astigartarrak, eta beste behin erakutsi dute hori: txapeldun izan dira elkarrekin, Gartzarongo Txapelketan. Larunbatean jokatu zuten alebin mailako finala, Gartzaronen, Balda eta Santesteban nafarren kontra; eta 18-15 nagusitu ziren. Oso gogorra eta parekatua izan zen partidua hasieran, baina bederatzigarren tanto ingurutik, aurrea hartu zuten Arsuagak eta Ormazabalek, eta horri eutsi zioten bukaerara arte, txapelak janzteko. Imanol Ormazabalek, gainera, txapelketako pelotari onenaren saria ere jaso zuen.


Gipuzkoako Txapelketan, hernaniarrek bale eta astigartarrek kale

Hitzordu garrantzitsuak zeuzkaten esku pelotari hernaniarrek eta astigartarrek, Gipuzkoako Txapelketan ere; bereziki nagusien lehenengo mailan. Ligaxkako azkeneko partidua zeukaten jokoan, eta helburu ezberdinak. Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak, esaterako, garaipena lortu zuten Alegian, Intxurreko Oiarbideren eta Zenekortaren kontra (7-22). Eta horrekin, zazpitik zazpi irabazita, A multzoko aurreneko postuan bukatu dute. Hortaz, Hernanin jokatuko dute semifinala, datorren aste honetan, Bergarako Etxanizen eta Gartziaren kontra.

Hain justu, bergararren kontra galdu zuten partidu erabakigarria Oier Gurutzealde eta Eñaut Lizeaga astigartarrek. Semifinaletara pasea zeukaten jokoan, eta bikote irabazleak egingo zuen aurrera; baina aukerarik ez zuten izan astigartarrek: 22-5 nagusitu zitzaizkien Etxaniz eta Gartzia. Hori horrela, txapelketatik kanpo geratu dira Mundarroko esku pelotariak.

Bestelakoa da Xabier Salaberria eta Iñigo Labaka hernaniarrek daukaten lehia. Lehenengo mailan jarraitzeko ahaleginetan ari dira haiek, eta aurreneko koxka salbatu dute: 22-18 irabazi zieten, Lazkaon, Lapkeko Ruiz de Larramendiri eta Erleri. Jaitsaiera zuzena libratu dute horrela, eta mailari eusteko partidua jokatuko dute datorren igandean, Orion, Ospeleko Orbegozoren eta Aranalderen kontra.

Izan da nabarmentzeko beste emaitzarik ere, esku pelotari hernaniarrentzat. Jubenilen bigarren mailan, 22-7 irabazi zieten Julen Deskargak eta Oier Azpeitiak, Gaztelekuko Onsalori eta Salbadorri. Eta garaipen horrekin, semifinaletara sailkatzeko aukera daukate oraindik, ligaxka bukatzeko bi jardualdi falta direnean.


Bankoa Torneoko final zortzirenetan gaur, Ekain Lizeaga

Bestalde, Bankoa Torneo garrantzitsua ari da jokatzen Ekain Lizeaga astigartarra, Jorge Fernandez errioxarrarekin batera, senior mailan. Final zortzirenetako partidua jokatuko dute gaur bertan, goizeko 11:30etan hasita Elorrion. Gaizka Karregal galdakoztarra eta Julen Aizpuru asteasuarra izango dituzte kontrario.

Denetan gazteena izanagatik ere, bere indarra erakutsi nahi du astigartarrak, baina esperientzia haundiko bikotea izango du aurrean, hiru-lau urte helduagoa.

 

CD HERNANIKO ESKU PELOTARIEN EMAITZAK

Alebinak:

Lapke 1 Eneko Oiaga 2

Hegoi Zabala 2 Lapke 0

Zazpi Iturri 2 Unax Mendiable 0  

Ibon Kerejeta 0 Txapagain 2

Aieko Azpeitia 0 Lapke 2

Aner Barrenetxea 0 Gazteleku 2

Ekhi Barrenetxea 0 Añorga 2

Ekhi Galdos 1 Intxurre 2

Xuhar Hernandez 16 Asier Iglesias 12

Infantilak:

Oier Arsuaga 2 Aretxabaleta 0

Oiarpe 0 Imanol Ormazabal 2

Lapke 0 Ekhi Oses 2

Behar Zana 0 Aratz Labaka 2  

Txulobi 2 Lier Zugasti 0

Alde Zaharra 2 Markel Madina 0

Kadeteak:

Tolosa 14 Pascual – Alberdi 22

Jubenilak:

Deskarga – Azpeitia 22 Gazteleku 8

Iturbe – Legarreta 22 Eple 4

Arabaolaza - Urdangarin 5 Oiarpe 22

Nagusiak:

Intxurre 7 Ojuel – Lizeaga 22

Lapke 18 Salaberria – Labaka 22

Behar Zana 22 Jara – Altuna 16

Txapelketa pribatuak:

Oiaga – Zabala 5 Azpeitia 18

Ekhi Oses – Otaegi 18 Leitza 1

Iturbe – Legarreta 22 Ataun 14

Ormazabal – Arsuaga 18 Nafarroa 15

Aratz Labaka 7 Esteribar 18

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!