Santu Guztien Eguna da gaur, eta mezak izango dira Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 1a, 00:00

Zenbait herritar Hernaniko hilerrian, joan den urteko azaroaren 1ean.

Astigarragan, hilerrian izango da meza, 11:00etan. Hernanin, honako hauxe da ordutegia: 09:30etan, Agustinetakoan; 10:00etan, Ereñotzukoan; 11:00etan, Floridan; eta, 12:00etan, San Joan Bataiatzailearenekoan. 

Mezak izango dira gaur, Santu Guztien Egunean, bailarako hainbat elizatan. Zehatzak izateko, jaiegunetako meza orduetan izango dira ospakizunak: 09:30etan, Agustinetakoan; 10:00etan, Ereñotzukoan; 11:00etan, Floridan; eta, 12:00etan, San Joan Bataiatzailearenekoan. Astigarragan ere meza izango da gaurkoan, hilerrian bertan, goizeko 11:00etan. 

Bihar, berriz, azaroaren 2an, hildako guztien izenean izango dira mezak. Hernanin, goizez zein arratsaldez ospatuko dira. Goizean, 09:00etan, Agustinetan oroituko dituzte hildakoak; arratsaldean, 19:00etan, San Joan Bataiatzailea parrokian izango da meza. Ereñotzuko eta Floridako parrokietan gaur oroituko dituzte hildakoak, Santu Guztien Egunarekin batera. 

Egun hauetan, herritar asko hilerrira joaten dira hildako senideak edota lagunak bisitatzera. Loreak eramaten dizkiete horietako askok, eta hitzordu hunkigarri bezain ederrak izaten dituzte, elkarrekin partekatutako oroitzapenak gogora ekarrita.

 

Gau Beltzaren ospakizuna gaur, Zikuñagan 

Ohitura zaharrak berreskuratu dituzte Urumea bailaran, azken egun hauetan, Gau Beltzaren ospakizunean. Burubelarri aritu dira horretan lanean zenbait elkarte eta eragile (tartean, Astigarragako Gazte Asanblada, Burrunba, Dobera Euskara Elkartea, Aranoko eta Goizuetako Guraso Elkartea, eta zenbait auzotako elkarteak), eta borobilak izan dira antolatutako jarduera guztiak. Jende mordoa bertaratu da saioetara, eta giro ederra izan da nagusi. Anitzak izan dira, gainera, ekintza guztiak: bertso-poteoa, makilaje-tailerra, kale antzerkia, pelikulen proiekzioak aire librean, txokolatada... Haurrek zein helduek gozatu dute prestatutako guztiarekin.

Gaurkoan, Zikuñaga auzokoen txanda izango da, eta horrekin itxiko dute Gau Beltzeko agenda. Aski ezaguna da herrian gaurko egunez antolatzen duten egitaraua. Hain zuzen ere, mozorro beldurgarrienak jantzi, eta festa egiten dute guztiek elkarrekin, gaia jarraituta. Horrekin batera, labirintoa ere izango da aurten, noski. Arratsaldeko 18:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta bertaratzeko gonbita luzatu diete herritar guztiei. 

Arratsalde beldurgarria izaten da gaurkoa, Zikuñagan. Izan ere, bertaratzen direnek denetarik topatzen dute labirintoan: armiarma erraldoiak, banpiroak, hildako kutxak, motozerrak... Auzo elkarteak aurrentzat eta gazteentzat antolatzen du ekintza, baina soilik ausartenak animatzen dira parte hartzera. Eta barreak ere entzuten dira labirintoan, guztiek baitakite Gau Beltzaren ospakizuna dela gaurkoa, festa-giroa dela eguneko protagonista. Beraz, animatu eta bertaratu Zikuñagara, zain izango dituzue eta!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!