Gipuzkoako Txapelketako partidu klabea Bergaran, Lizeagak eta Gurutzealdek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 29a, 00:00

Oier Gurutzealde astigartarra.

Gaur 11:00etan jokatuko dute semifinaletara pasea, Ekain Lizeaga eta Oier Gurutzealde astigartarrek.

Partidu erabakigarria jokatuko dute Ekain Lizeaga eta Oier Gurutzealde astigartarrek, gaur goizean, Gipuzkoako Txapelketan. Bergaran daukate hitzordua, 11:00etan, eta Etxaniz eta Gartzia bergararrak izango dituzte aurrez aurre. Hil ala bizikoa da partidua, semifinaletara pasea baitago jokoan: partidua irabazten duen bikoteak lortuko du txartela.

Kategoria berean, mailari eusteko partidua daukate Xabier Salaberria eta Iñigo Labaka hernaniarrek, 10:30etan Lazkaon, Lapkeko Ruiz de Larramendiren eta Erleren kontra. Irabazi beharra daukate hernaniarrek, lehenengo mailan jarraitzeko aukerei eusteko.

Jubenilen bigarren mailan, bestalde, Hernaniko frontoian jokatuko du partidu garrantzitsua, bikote hernaniar batek: Julen Deskarga aurrean, eta Oier Azpeitia edo Oier Alegria atzean. Gaztelekuko Onsalo eta Salbador izango dituzte kontrario, 11:30etan hasita; eta garaipen lortzea ezinbestekoa dute hernaniarrek, semifinaletara sailkatzeko aukera izateko oraindik.

 

Gartzaronen finala, Ormazabalek eta Arsuagak

Txapelketa pribatuei dagokienez, bailarako bikote asko ariko dira Baztango Txapelketan, gaur eta bihar. Eta Gartzaronen daukate hitzordu garrantzitsua, Imanol Ormazabal astigartarrak eta Oier Arsuaga hernaniarrak. Finala jokatuko dute, arratsaldeko 16:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!