Oier Arruti hernaniarra hirugarren, Zornotzako Nazioarteko Krosean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 29a, 00:00

Oier Arruti (eskuinean), Zornotzako Nazioarteko Krosaren podiumean.

16 urtez azpikoetan podiumera igotzea lortu zuen, maila haundiko lasterketan. 8 minutu eta 55 segundutan osatu zuen 2.700 metroko proba.

Udazkenean sartzearekin batera, martxan da kros denboraldia, eta horretan murgildu dira bailarako hainbat atleta. Aurreko asteburuan, esaterako, zita garrantzitsua izan zuten Bizkaian, Zornotzako Nazioarteko Krosa jokatu baitzen 68garrenez. Bertan izan ziren Hernaniko lau korrikalari ere. Oier Arrutik lortu zuen emaitza nabarmenena, podiumera igo baitzen, 16 urtez azpikoetan hirugarren bukatuta. Hernaniarrak 8 minutu eta 55 segundu behar izan zituen 2.700 metroko ibilbidea osatzeko, eta Txindoki taldeko Urko Etxebeste eta Haitz Urrestarazu soilik izan zituen aurretik. Kategoria berean, 30garren izan zen Lur Ocon hernaniarra (10:04).

Maila absolutuan aritu zen Anartz Artola, oso maila haundiko espezialistak partehartzaileen artean zirela; eta 29garren bukatu zuen hernaniar gazteak, 8.700 metroko ibilbidea 29 minutu eta 48 segundutan osatuta. Eta Gaizka Izagirre, azkenik, 14garren sailkatu zen, 20 urtez azpikoen artean: 16 minutu eta 28 segundutan bukatu zuen 4.700 metroko proba. 

Azaroaren 6an, Euskadiko Txapelketa Donostian

Datorren asteburuan, azaroaren 6an, Donostian izango dute beste hitzordu garrantzitsu bat. Donostiako Nazioarteko Krosa jokatuko da Lasarte-Oriako hipodromoan, 66garrenez; eta Euskadiko Txapelketa ere egongo da jokoan, bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!