Goi-mailako partidua jokatuko du Hernanik gaur, Realaren zelaian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 29a, 00:00

Enire Beain (eskuinean) Realarekin aritu zen iaz. Kontrario izango ditu gaur.

Zubietan ariko da Hernaniko nesken talde nagusia, 18:00etan hasita. Lidertza dago jokoan.

Etxetik kanpo, baina etxetik gertu ariko da Hernani, gaur, nesken Ohorezko Erregional mailan. Taldea animatzera joateko aukera badute zaleek, beraz; partidua ere ez baita nolanahikoa: Zubietan ariko dira berdeak, Realaren kontra, arratsaldeko 18:00etan hasita. Ligako bi talde onenak dira Reala eta Hernani, eta berdinduta daude lidertzan, biak ere jokatutako sei partiduak irabazita. Lidertza dago jokoan, eta goi-mailako partidua espero da, erakustaldi bat bestearen atzetik eskaintzen ari baitira: orain arte, 35 gol egin eta 3 jaso ditu Realak, eta 31 gol egin eta 4 jaso Hernanik. Ziurtatuta dago ikuskizuna, gaurkoan.

Etxetik kanpo ariko da, mutilen Ohorezko Erregional mailako taldea ere. Zarautzen ariko da Hernani gaur, 15:30etan Asti zelaian, bolada onari jarraipena emateko. Aurreko astean Añorga menderatuta, donostiarrekin berdindu dute berdeek, sailkapeneko aurreneko postuan.

 

Mundarro, puntu bila Axularren zelaira

Gora baino, behera begira egotea tokatu zaio Mundarrori, oraingoz, mutilen Erregional Preferenteetan. Moreei kostatzen ari zaie puntuak pilatzea, eta sailkapeneko azkeneko postuetan daude. Egoerari buelta emateko, ez dute konpromiso erraza izango gaurkoan. Axularren kontra jokatuko dute, eguerdiko 12:45etan, Donostiako Puio zelaian. Ligako laugarren sailkatua da Axular, eta ez du partidurik galdu. Dena den, etxean ez du garaipenik lortu oraindik, jokatutako hiruak berdindu baititu; etxetik kanpo irabazi ditu hiru partidu. Kontuak kontu, puntu bila joan beharra daukate moreek Donostiara.

Etxean ariko dena, Zubipen, Liga Nazionaleko mutil jubenilen taldea izango da. Alaves hartuko du Hernanik, gaur 16:30etan. Sailkapenean berdinduta daude bi taldeak, 7 punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!