Ezin hobeto hasi zuten Binakako Txapelketa Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Ander Goikoetxea urnietarrak, aurreko asteburuan: 40-27 menderatu zituzten Ansa II eta Juanenea, eta aurreneko lau puntuak pilatu zituzten, partidu borobila jokatuta. Eta hasiera onari, segida eman nahi diote gaur, ligaxkako bigarren partiduan: Ezkurra II eta Martirena izango dituzte kontrario, arratsaldeko 16:30etan hasita, Galarretan.
Beste lau puntu lortu nahi dituzte Barrenetxeak eta Goikoetxeak, ligaxkako aurreneko postua eskuratzeko bidean. Txapelketa hasi besterik ez da egin, baina bere maila erakutsi dute dagoeneko; eta aurreneko postua lortuz gero, finalera pase zuzena lortuko lukete.
Jaialdiko bigarren partidua izango da txapelketakoa, eta aurretik, bi goizuetar ariko dira elkarren kontra: Oier Apezetxea Etxarrirekin, eta Aritz Zubiri Urrutia IIrekin. Hirugarren partiduan, berriz, Segurola eta Labaka ariko dira, Loitegiren eta Larrañagaren kontra.