Zabalik dago Gazte Ekoliderrak formakuntzan izena emateko epea, eta 30 partaide aukeratuko dituzte

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 29a, 00:00

Gazte Ekoliderrak formakuntzaren aurkezpena, joan den astelehenean.

Kutxa Ekoguneak eta Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 18 eta 30 urte bitarteko 30 gazteri eskainiko die programan parte hartzeko aukera, beka eskainita. Abenduaren 2an itxiko da izen-emeate epea: 'ekogunea.eus'.

Joan den astean ireki zen Gazte Ekoliderrak formakuntzan izena emateko epea. Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak sutatutako programa da, Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroak Fundazioaren kolaborazioarekin, eta helburua da «gazteak jasangarritasunean eta lidergo gaitasunetan trebatzea». Zehazki, 18 eta 30 urte arteko 30 gazte aukeratuko dituzte programan parte hartzeko, eta bi erakunde antolatzaileek %80an bekatuko dute haien formakuntza. Interesa duten horientzat, izen-ematea zabalik egongo da abenduaren 2ra arte. 

 

«Lurra deika ari zaizu»

Aurtengo Gazte Ekoliderrak deialdiaren leloa honako hauxe da: «Lurra deika ari zaigu». Horregatik, programaren lehentasunezko jomuga da «jasangarritasunean interesa duten gazte aktiboak trebatzea eta inplikatzea». 

Horrekin batera, programa hiru dimentsiotan banatzen da: trebatu, ekin, izan. Horrela, antolatzaileek aurreratu dutenez, «ezagutzak zabaltzeko ez ezik, gazteak ekintzarako ahalduntzeko balioko du, eragile aktibo bihurtu daitezen. Izan ere, honakoa da jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan oinarritutako formakuntza eta bizitza ibilbidea».

Jasangarritasunaren markoan, ikasleek sakonduko dute, besteak beste, kontsumo berde eta zirkularrean, eko-feminismoan, fiskalitate eta finantza berdeetan, eraldaketa energetikoan, bioaniztasunean, eta abar. Lidergoari dagokionez, landuko dituzte, hala nola, lidergo pertsonala eta talde lidergoa (dialogoa eta entzutea eta lidergo eraldatzailea). Azkenik, gazteen jarrera aktiboa sustatzeko, berrikuntza sozialaren kontzeptuaz aritzeaz gain, eraldaketan ari diren agenteekin harremantzeko eta ekintza zuzenak antolatzeko aukera ere izango dute. 

Eta trebakuntzan landutako gaien gaineko ideiak errealitate egin ahal izateko, parte-hartzaileek prototipo bat gauzatzeko pausoak emango dituzte bidelagunen eta tutoreen laguntzaz. Ibilbide horretan, hain zuzen ere, jasangarritasunean, lidergoan eta ekintzailetzan aditua direnen koordinazio-taldea izango dute alboan. Funtsean, diote, «bakoitzaren aurrerapausoen jarraipen zuzena egingo dute, eta aholkuak eman». 

 

30 gazte hautatuko dituzte

Aurrez aipatu moduan, formakuntza bekatuta dago %80an. Halaber, formazioaren jatorrizko prezioa 2130 euro dira pertsonako, baina parte-hartzaileek 390 euro ordainduko dituzte guztira. Hori bai, plaza kopurua mugatua da; denera, 30 gaztek izango dute parte hartzeko aukera. Hautatua izateko, ezinbestekoa izango da partaideak elebidunak izatea. Alegia, euskeraz ulertzeko gaitasuna izan beharko dute. Eta, asistentziari dagokionez, nahitaezkoa izango da saioen %80an parte hartzea.

Joan den urteko Gazte Ekoliderrak programako parte-hartzaileak, topaketetako batean. Argazkia: 'ekogunea.eus'.
 

Bestalde, formakuntzari dagokionez, datorren urteko urtarriletik ekainera, partaideek aukera izango dute aurrez-aurreko saioak (hiru orduko zazpi saio), online saioak eta banakako lanketa egiteko. Gainera, aurrez-aurreko saioen artean, egun eta erdiko hiru egonaldi egingo dira formazioaren baitan. Elkarbizitza asteburu horietan, hiru gai nagusi landuko dituzte: lidergo pertsonala, prototipazioa eta ekintza. Jakitera eman dutenez, «ibilbidearen helburua da norberak bere helburua argi izanik, ikastarotik haratago, jasangarritasunaren alde ekiten jarraitzeko bide-orria irudikatzea».

Online saioei begira, 15 zuzeneko edota aurrez grabatutako saioak izango dira. Zehatzak izateko, izango dira hitzaldiak, ariketak, sakontzeko baliabideak, eta online komunitatearen arteko eztabaidak.  

Amaitzeko, banakako lanketan, uztartuko dituzte ariketak (learning by doing), proiektuaren garapena, eta garapen pertsonalerako hausnarketa. 

Abenduaren 2an itxiko da izena emateko epea, eta informazioa zein inskripziorako formularioa eskuragai daude Kutxa Ekogunearen webgunean: www.ekogunea.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!