Gartzarongo finala bihar, Ormazabalek eta Arsuagak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 28a, 00:00

Imanol Ormazabal eta Oier Arsuaga.

Arratsaldeko 16:00etan jokatuko dute, Balda eta Santesteban nafarren kontra. Paul Ojuelek eta Markel Lizeagak ere, zita garrantzitsua dute gaur.

Partidu garrantzitsuz betetako asteburua izango dute, beste behin, bailarako esku pelotariek. Bihar arratsaldean Gartzaronen daukate horietako bat, Imanol Ormazabal astigartarrak eta Oier Arsuaga hernaniarrak. Beste final bat jokatuko dute bi alebinek elkarrekin, Gartzarongo Txapelketakoa. Balda eta Santesteban nafarrak izango dituzte aurrez aurre, arratsaldeko 16:00etan hasita. Bost kanporaketa gaindituta iritsi dira bi bikoteak finalera, maila bikaina erakutsiz; eta final irekian, ikuskizuna ziurtatuta dago.

Horrez gain, Gipuzkoako Txapelketan ere zita inportanteak dauzkate hainbat bikotek. Gaur bertan, ligaxkako azkeneko partidua jokatuko dute Paul Ojuel eta Markel Lizeaga hernaniarrek, nagusien lehenengo mailan. Alegian ariko dira, 20:15etan, Intxurreko Oiarbideren eta Zenekortaren kontra. Hernaniarrak dagoeneko sailkatuta daude semifinaletara, baina garaipena lortu nahi dute, multzoko aurreneko postuan bukatu eta semifinala Hernanin jokatzeko. 

Kategoria berean, igandean daukate partidu erabakigarria Ekain eta Eñaut Lizeaga astigartarrek. Bergaran jokatuko dute, goizeko 11:00etan hasita, Bergarako Etxanizen eta Gartziaren kontra. Hil ala biziko partidua jokatuko dute astigartarrek, lehia horretako bikote irabazleak lortuko baitu semifinaletara pasea.

Xabier Salaberria eta Iñigo Labaka hernaniarrek, aldiz, bigarren mailara ez jaisteko partidua daukate bihar, 10:30etan Lazkaon. Ligaxkako azkeneko partidua jokatuko dute, Lapkeko Ruiz de Larramendiren eta Erleren kontra. Galduz gero, bigarren mailara jaitsiko dira; eta irabaziz gero, aldiz, beste partidu erabakigarri bat jokatu beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!