Urumea bailarako ondare naturala eta kulturala hizpide, datorren astean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 28a, 00:00

Ane Fernandez Arrieta herpetologoak eskainiko du hitzaldietako bat.

Hitzaldi zikloa antolatu du Aranzadik Biterin, azaroaren 3rako; eta historiaurreko tailerrak hilaren 5erako Akolan.

Hitzaldi zikloa antolatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, Hernaniko Udalarekin batera, datorren asterako. Urumea bailarako ondare naturalari eta kulturalari «balioa» ematea da helburua, eta azaroaren 3an egingo dute, 18:30etatik 20:00etara Biterin. Ho­rrekin lotuta, gainera, histo­ri­aurreko tailer familiarrak egin­go dituzte hilaren 5ean Ere­ño­tzun, Akolako atsedenlekuan, 11:00etan hasita.

Lau hizlari izango dira Biterin, datorren ostegunean: Manu Ceberio, Miren Garcia, Josu Narbarte eta Ane Fernandez, guztiak ere Aranzadiko zientzialariak. Ordu laurdeneko hitzaldia eskainiko du bakoitzak, Urumea ibaiak bere historian izan duen bilakaera ezagutarazteko, alderdi ezberdinak landuz: bailara historiaurrean, industria-ondarearen garapena, izokin-arrantzaren historia, eta uhandre piriniotarraren kasua.

Larunbateko tailerrean, berriz, «sakon» ezagutuko dituzte «historiaurreko herri haietako bizimoduak». Akolan izango da printzipioz, baina euria eginez gero, Ereñotzuko frontoian egingo lukete tailerra.

Doakoak eta irekiak dira hitzaldiak eta tailerra, baina tailerrean parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, bibe.me webgunean.

'URUMEA BAILARA: ZENA ETA DENA'

HITZALDI ZIKLOA

AZAROAK 3, osteguna

18:30-20:00, Hitzaldiak eta solasaldia, Biterin:

'Urumea bailara historiaurrean: Paleolitotik erromatarren konkistara'. Manu Ceberio, Aranzadiko arkeologoa.

'Izokin-arrantzaren historia Urumean'. Josu Narbarte, Aranzadiko arkeologoa.

'Industria-ondarearen garapena Urumean zehar'. Miren Garcia, Aranzadiko arkeologoa.

'Uhandre piriniotarra: ur hotzetako erregina'. Ane Fernandez, Aranzadiko herpetologoa.

HISTORIAURREKO TAILER FAMILIARRAK

AZAROAK 5, larunbata

11:00, Akolako atsedenlekuan (euria eginez gero, Ereñotzuko frontoian). Sarrera librea eta doakoa. Izenemateak: bibe.me.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!