Abian da Errigoraren kanpaina

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 27a, 00:00

Ablitaseko ikasle eta irakasleek auzolanean prestatu dituzte sortak.

'Bat egiteko garaia da' lelopean, urriaren 22tik azaroaren 10era luzatuko da kanpaina.

Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina abiatu du Errigorak, beste urte batez. Urriaren 22tik azaroaren 10era luzatuko den «auzolan-ariketa erraldoi» honetan, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko (alegia, Agerreko) produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira, eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzara bideratuko dute.

2013tik 1.635.000 euro baino gehiago bideratu dituzte Nafarroa hegoaldean eta erdialdean, «euskaldunak sortzeko asmoz herritik jaiotako egitasmoak sostengatzera. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausu­ak emateko baliatu dugu».

Honakoa da aurtengo leloa: Bat egiteko garaia da. «Lehenik, zonifikazioa gainditzeko garaia delako. Bigarrenik, Agerren bereziki, euskerarekin berradiskidetzeko eta euskerarentzako aldekotasun berriak biltzeko garaia delako. Hirugarrenik, Agerreko euskaltzaleak bildu eta aurrerako bidea bateratzeko garaia delako. Eta laugarrenik, Nafarroarekin bat egiteko garaia dugulako euskal herritarrok oro har, herri senez, euskarari mugak kentzeko eta elkarrekin aritzeko». Urteotako diru ekarpena «ezinbestekoa» izan da bertako ikastolek eta AEK euskaltegiak herritarrak euskalduntzen jarraitzeko, eta sare publikoan «gero eta guraso gehiagok» D ereduaren aldeko hautua egitea helburu duten Sortzenen kanpainak laguntzeko.

 

Hiru saskiren zozketa, Kronikakideen artean

Dagoeneko egin daiteke saskien eskaera, errigora.eus webgunearen bitartez. Gainera, Kronikak hiru saski zozketatuko ditu, Kronikakide edo Doberako bazkide direnen artean. Horretarako, kronika.eus webgunean apuntatu beharko da, Kronikakideen txokoan. Datozen asteotan zabalduko da epea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!