Kronikak 8.000garren alea kaleratu du gaur, jasotzeko lau euskarri berrirekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 27a, 00:00

Euskarri berriak, Kronikan, HHZn, Goiz Eguzkin eta Kulturarteko Plaza Feministan.

2000 urtean argitaratu zen 1 alea, San Joan bezperan, eta 22 urteren ondoren 8.000 zenbakira iritsi da Urumea bailarako egunkaria.

Kronikak 8.000garren zenbakia kaleratu du gaur, eta Urumea bailarako egunkariaren ale berezia izango dute irakurleek esku artean. Kronika Hernanin sortu zen 2000 urtean, eta 0 alea ekainaren 6an argitaratu zuen. Ondoren, lehenengo zenbakia San Joan bezperan kaleratu zen.

Ordutik ibilbide luzea egin du, eta 8.000 ale iritsi dira etxeetara. Zenbaki guztiak kronika.eus webgunean ikusi, irakurri eta deskargatu daitezke, Kronikakide edo bazkide izanez gero.

Urte guzti hauetan, aldaketa ugari eta garapen etengabea izan du Kronikak. 2014an herriko egunkari izatetik, bailarako hedabide izatera pasa zen. Urumea bailara, bailara naturala den heinean, Astigarraga, Ereñotzu, Arano eta Goizuetako herrietara ere zabaldu zen Kronika. Lehendik ere iristen zen aipatutako herrietara baina 2014an bere toki propioa eman zitzaien herri hauei. Horretarako, Astigarragako Kronika eta Urumeako Kronika sortu ziren orduan, eta Hernaniko Kronika mantendu egin zen. 2019ko urtarrilaren 2tik aurrera, ordea, Kronikako edizio guztiak bateratuta argitaratu ziren, Kronika izanik egunkariko marka bakarra. Horrela, egun horretan Kronikak 6.617garren alea kaleratu zuen, eta hiru urte eta hamar hilabete geroago iritsi da 8.000garrenera.

 

Euskarri berriak, Kronikan, HHZn, Goiz Eguzkin eta Plaza Feministan

Gainera, modu berezian iritsiko da, Kronikak jasotzeko euskarri berriak jarri baititu herrian zehar: Kronikan bertan, udaletxeko Herritarrentzako Harrera Zerbitzuan, Kulturarteko Plaza Feministan eta Goiz Eguzkin. Gehiago ere jarriko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!