Euskerazko ikus-entzunezkoak ekoizteko zazpigarren Benito Ansola Sariak epea zabaldu du

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 26a, 00:00

18 eta 36 urte arteko ekoizle gazteen lanak sustatzeko helburua du sariak. 3.000 euroko ordainsaria jasoko du proiektuaren irabazleak.

Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Udala eta Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen Benito Ansola Sariaren 7. edizioan izen-ematea gaurtik 2023ko urtarrilaren 15erarte egongo da zabalik. Benito Ansola Saria 18 eta 36 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta irabazleak 3.000 euroko ordainsaria izango du proiektua garatu eta gauzatzeko. 

Deialdi honetara disziplina ezberdinetako ikus-entzunezko lanen proiektuak aurkeztu daitezke (fikzioa, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak). Baina hori bai, originalak izan behar dira; hau da, inon argitaratu gabekoak eta ezta beste inondik moldatuak ere. 

Aurtengo edizioko epaimahaia Izaskun Urkijo eta Maider Oleaga zinemagileek osatuko dute. Lan guztien artean 3 finalista hautatu eta otsailean egingo den online Pitching saio baten ondoren izendatuko da lan irabazlea. Ondoren, 2023ko Lekeitioko Euskal Zine bileran proiektuaren aurkezpen bat egingo du sarituak, Benito Ansola sariari eskainitako espazioan. 

 
Benito Ansola sariko zuzendari irabazleak 

Gazteek euskerazko ikus-entzunezko lanak ekoiztu ditzaten bidea zabaltzeko sortua, Benito Ansola Sariak 7. edizioa beteko du aurten. Urteotan, gaur egun zinemagintzan bide oparoa egin duten hainbat zuzendari aurki daitezke, besteak beste: David Zabala, Paul Urkijo, Aitor Gametxo, Maider Fernandez, Oier Fuentes edo Imanol Gurrutxaga, sariaren iazko irabazlea.

Benito Ansola sariei buruzko informazio gehigarria: https://irudienea.topagunea.eus/egitasmoak/benito-ansola/ webgunean aurkitu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!