Garaipen sendoak lortu dituzte Ur Miak eta CD Hernanik, Taldekakoaren laugarren tiraldian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 00:00

Aner Miner ereñotzuarra, tiraldi bat egiten.

Ereñotzuarrek 6-10 menderatu zuten Ostadar Lasarte-Orian, eta hernaniarrek Floridan lortu zuten garaipena, Herreraren kontra (14-2).

Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren laugarren tiraldia jokatu dute asteburuan, Urumea bailarako hiru taldeek; eta garaipen sendoak lortu dituzte Ur Miak eta CD Hernanik. Elur Txorik, aldiz, galdu egin zuen Zarautz 1en kontra, A multzoko lidertza jokoan zegoela.

Ostadar hartu zuen mendean Ur Miak, Lasarte-Orian, 6-10eko emaitzarekin. Maila ederrean aritu ziren Leandro Miner, Aner Miner, Joxe Mari Etxebeste eta Ibon Miner, beste behin; eta garaipen garrantzitsua lortu zuten. Horrekin, B multzoko lider jarraitzen dute ereñotzuarrek, 12 punturekin; eta ia ziurtatua daukate aurreneko postuan bukatzea ligaxka. Izan ere, Ostadar bera da bigarrena, 6 punturekin.

Alde haundiagoarekin nagusitu zen CD Hernani, Floridako bolatokian, Herreraren kontra: 14-2 menderatu zituzten, ia txanda guztiak irabazita. Migel Arrozpidek, Jose Antonio Ugarteburuk, Mikel Arroiok eta Iñigo Arrozpidek osatu zuten laukote hernaniarra, eta funtsezko hiru puntu lortu zituzten, finalaurrekoetara sailkatzeko aukerei eusteko, A multzoan. 4 puntu dauzkate orain, eta Elur Txorirekin izango dute lehia, bigarren posturako. 7 punturekin dago Elur Txori, eta urrutiago Zarautz 1, multzoko liderra, 9rekin.

Hain justu, Zarautz 1en kontra galdu du Elur Txorik, joan den asteburuan, Zarautzen. Berdinduta hasi zen tiraldia, baina pixkanaka bere aldera eraman zuten zarauztarrek, eta 10-6 nagusitu ziren azkenean. Benito Loitegi, Fernando Gallego, Fermin Zuloaga eta Rosa Santos aritu ziren talde hernaniarraren ordezkari.

Bi tiraldi bakarrik falta dira ligaxka bukatzeko, eta erabakigarriak izango dira, A multzoan bereziki. Azkeneko tiraldian, elkarren kontra ariko dira Elur Txori eta CD Hernani. Berdindu egin zuten aurreneko itzulian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!