Bigarren garaipena Mundarroko mutilek, eta estreinakoa hernaniarrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 00:00

Añorga garaitu zuen Mundarrok, etxean jokatuta.

Astigartarrek 53-37 menderatu zuten Añorga, eta Hernanik 56-50 Easo, aurreneko garaipena lortzeko.

Asteburu gazi-gozoa izan da Urumea bailarako saskibaloi taldeentzat, garaipen garrantzitsuekin eta porrot gogorrekin.

Gozoa, bereziki, mutilen taldeentzat. Mundarrok bigarren garaipena lortu zuen Gipuzkoako lehenengo mailan, Añorga mendean hartuta (53-37), Astigarragako kiroldegian. 10-4 aurreratu ondoren, abantaila txikiarekin izan ziren aurretik astigartarrak, ia partidu osoan zehar. 23-19 iritsi ziren atsedenaldira, eta 36-32 azkeneko laurdenera, dena erabakitzeko zegoela. Baina orduan erakutsi zuen bere maila onena Mundarrok, eta 17-5 partzialarekin, erraz nagusitu zen azkenean (53-37).

Irabazi egin zuen Hernanik ere, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan, Easoren kontra (56-50). Kostata, baina denboraldiko aurreneko garaipena lortu dute hernaniarrek, azkenean. Donostiarrak izan ziren markagailuan aurrea hartzen lehenengoak, eta 16-20ko aldearekin bukatu zuten aurreneko laurdena. Atsedenaldira iristerako, ordea, ezin estuagoa zen lehia (32-33). Eta hurrengo 10 minutuetan lortu zuen Hernanik, gerora erabakigarria izango zen tartea, 48-40 aurreratuta, azkeneko laurdenaren faltan. Gogotik estutu zuen Easok, baina garaipenari eustea lortu zuen Hernanik.

 

Porrot gogorra Mundarroko neskek, Atleticoren kontra

Ez da asteburu ona izan, aldiz, Mundarroko nesken talde nagu­siarentzat. Porrot gogorra jaso zu­en, Gipuzkoako lehenengo mai­lan: 89-30 galdu zuen Donosti­an, Atletico San Sebastian indartsuaren kontra. Ostiral honetan jokatuko dute berriro etxean, 20:15etan Tecnunen kontra, bigarren garaipena lortzeko asmoz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!