Elkarren kontra jokatuko dute promozioko Lau t'erdiko semifinala, Iker Salaberriak eta Hodei Expositok

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 00:00

Hodei Exposito astigartarra, Lau t'erdikoaren bigarren partiduan.

Hiru partiduak irabazita, A multzoko lider bukatu du goizuetarrak, eta B multzoan bigarren izan da astigartarra. Azaroaren 4an jokatuko dute, Amorebietan, iluntzeko 20:45etan hasita. Sarrerak dagoeneko salgai daude.

Aurrera egin dute promozio mailako Lau t'erdiko Txapelketan, Urumea bailarako bi esku pelotariek: A multzoko lider bukatu du Iker Salaberria goizuetarrak, ligaxkako hiru partiduak irabazita; eta bigarren izan da Hodei Exposito astigartarra B multzoan, Alberdiri irabazi eta Bakaikoaren kontra galduta.

Hori horrela, semifinaletan ariko dira biak, eta elkarren kontra jokatu beharko dute. Bietatik bat, beraz, final haundian izango da seguru. Azaroaren 4an jokatuko dute, ostiralarekin, iluntzeko 20:45etan hasita, Amorebietan. Jaialdi horretarako sarrerak salgai daude dagoeneko, aspepelota.eus webgunean: kantxako eserlekuak 25 euro dira, eta harmailetakoak 15 euro. Joanes Bakaikoak eta Julen Egigurenek jokatuko dute promozio mailako txapelketaren beste semifinala, azaroaren 1ean Berrizen.

Ligaxkako azkeneko jardunaldian, 22-17 nagusitu zen Salaberria, igandean Ataunen, Iraitz Zubizarreta ataundarraren kontra. Expositok, berriz, ez zeukan txapelketako partidurik, Javier Zabala torneotik erretiratu delako, min hartuta. Binakako partidu bat jokatu zuen astigartarrak, igandean Donostian: Jose Javier Zabaletarekin batera, 22-13 irabazi zuen, Irribarriaren eta Tolosaren kontra. Ordurako bazekien semifinaletara sailkatuta zegoela, bezperan jokatu baitzuten bere multzoko partidu erabakigarria: Bakaikoak irabazi zion Alberdiri, eta horrek eman zion Expositori semifinaletara pasea.

 

Pauso sendoarekin, Gipuzkoako lehenengo mailako bikoteak

Afizionatuei dagokienez, Gipuzkoako Txapelketarekin jarraitu dute bailarako makina bat esku pelotarik. Nagusien lehenengo mailan, pauso sendoarekin jarraitzen dute bi bikotek. Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrek 22-17 irabazi zieten Ospeleko Orbegozori eta Aranalderi, eta horrekin, jokatutako sei partiduetan lortu dute garaipena. Ekain eta Eñaut Lizeaga astigartarrek, berriz, 22-8 menderatu zituzten Gabirondo eta Perurena tolosarrak, eta bosgarren garaipena lortu zuten. Une honetan, A multzoko lider dira hernaniarrak, dagoeneko semifinaletara sailkatuta; eta B multzoan bigarren daude astigartarrak. Haiek, azkeneko jardunaldian jokatuko dute pasea, Bergara hirugarrenaren kontra.

Nagusien bigarren mailan, bestalde, garaipen garrantzitsua lortu zuten Julen Deskarga eta Oier Azpeitia hernaniarrek, Intzako Olazabalen eta Elosegiren kontra (22-8). Horrela, semifinaletara sailkatzeko aukera daukate oraindik.

 

Gartzarongo finalera, Ormazabal eta Arsuaga

Gartzarongo Txapelketan ere izan da emaitza pozgarririk. Alebinen finalera sailkatu dira Imanol Ormazabal astigartarra eta Oier Arsuaga hernaniarra, Errekako Ezkurra eta Leitza menderatuta (18-10), kategoriako bikote onenetako bat.

Ekhi Oses hernaniarrak, berriz, galdu egin zuen semifinala, Behar Zanako Adur Otaegirekin, Oberenako Nazabalen eta Oltzaren kontra (16-18).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!