Amasako duatloian garaile, Xabat Pagola eta Ander Amonarriz

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 00:00

Xabat Pagola ereñotzuarra.

Mendi duatloia irabazi zuten, errelebo proban.Hodei Lujanbio, berriz, bigarren izan zen Eltxo Trail mendi lasterketan.

Modalitate ezberdinetan, baina mendiko probetan izan dira protagonista asteburuan, Urumea bailarako hainbat herritar. Mendi duatloiean, esaterako, garaipena lortu zuten Xabat Pagola ereñotzuarrak eta Ander Amonarriz hernaniarrak Amasan, bikotea osatuta, errelebo proban. Korrikako bi sektoreak osatu zituen Pagolak (hasieran 4,2 kilometro eta bukaeran 2,4 kilometro), eta Amonarrizek egin zuen 17,8 kilometroko ibilbidea bizikleta gainean.

Lehia bizia izan zuten bigarren sailkatuekin, Xabier Agirre eta Ibai Urkia idiazabaldarrekin. Azkenean, 1:17:36 denboran osatu zuten proba Pagolak eta Amonarrizek, eta 12 segundu atzetik sartu ziren Agirre eta Urkia.

 

Hodei Lujanbio bigarren, Orendaingo Eltxo Trailen

Mendi lasterketei dagokienez, Orendaingo Eltxo Trail proban aritu zen Hodei Lujanbio goizuetarra, besteak beste; eta bigarren postuan bukatu zuen, Iñaki Olano altzotarraren atzetik. Lujanbiok 1:31:08 denboran osatu zuen 21 kilometroko ibilbidea, eta minutu bat lehenago helmugaratu zen Olano.

Nafarroan, Leyreko monastegian izan zen beste mendi lasterketa bat larunbatean, 21 kilometrokoa hori ere; eta bertan aritu zen Oskar Gaskon aranoarra. 70garren bukatu zuen Gaskonek, ibilbide gogorra 2:37:37 denboran osatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!