Ez kale eta ez bale Elizondoko finalaurreko saioan, Agin Laburuk eta Unai Agirrek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 23a, 10:28

Unai Agirre eta Alaia Martin puntutan, Elizondon. Argazkia: Alberto Elosegi

Hirugarren izan zen astigartarra, eta laugarren hernaniarra. Litekeena da biak pasatzea bigarren itzulira, baina zaila daukate finalera sailkatzea.

Larunbat arratsaldean jokatu zuten, Elizondon, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren aurreneko finalaurrekoa. Bertan aritu ziren Agin Laburu astigartarra eta Unai Agirre hernaniarra, finalera begira jarri gabe, baina ahalik eta saio onena osatzeko asmoz. Hirugarren izan zen Laburu, 677 punturekin; eta laugarren Agirre, 652,5 puntu lortuta. Ez kale eta ez bale. Litekeena da biek egitea aurrera, finalaurrekoen bigarren itzulira (24 bertsolaritik 18 sailkatuko dira); astigartarrak ia ziurtatua dauka hori. Baina finalera sailkatzeko aukera, aldiz, zaildu egin zaie biei. 2017ko txapelketan, hernaniarrak bigarren itzulian eman zuen kolpea, 696 punturekin, aurrenekoan 667,5 puntu lortu ondoren. Baina, itxuraz, garestiago egongo dira finalerako txartelak aurten, puntuazioari dagokionez.

Hala erakutsi zuen Elizondoko saioak ere. Alaia Martin oiartzuarra nagusitu zen, 729,5 puntu lortu eta finalerako pauso haundia emanda. Joanes Illarregi leitzarra izan zen bigarren, 711 punturekin. Onintza Enbeita muxikarrak bosgarren bukatu zuen, 639,5 punturekin; eta Iñaki Apalategi beasaindarra izan zen seigarren, 623 punturekin.

1.400 bertsozaleren aurrean aritu ziren seiak, Baztan frontoian, Amaia Castorenek jarritako gaiei erantzunez. Hasi eta buka osatu zuen saio borobila Alaia Martinek, baina izan zen ariketa bat bereziki nabarmentzekoa, puntutan Agin Laburuk eta Joanes Illarregik egin zutena, honako gaiarekin: Foruzainak zarete. Zuen txanda amaitzeko denbora egiten ari zarete autoa behar ez den lekuan utzita. Beste polizia auto bat hurbiltzen ari zaizue. Nagusiarena da. Ariketa horretan, 159,5 puntu lortu zituen Laburuk, eta 156,5 Illarregik; Elizondoko saio osoan izan ziren altuenak, biak ere.

Gainerako ariketetan, berriz, ezin izan zuen puntuazio oso alturik lortu astigartarrak: 128,5 zortziko haundian, 125,5 zortziko txikian, 129 seiko motzean, eta 134,5 ganbaran. Unai Agirrek ere ez zuen goia jotzea lortu: 135 puntu zortziko haundian, 125,5 zortziko txikian, 135 puntutan, 127,5 seiko motzean, eta 129,5 ganbarako ariketan.


Bigarrena, Donibane Garazin

Datorren larunbatean jokatuko dute finalaurrekoetako bigarren saioa, 17:00etan Donibane Garaziko Jai Alain. Bertan izango dira Asier Azpiroz zubietarra eta Nerea Elustondo legazpiarra, Hernaniko Bertso Eskolako kideak, honako lau bertsokideekin batera: Amets Arzallus, Aitor Etxebarriazarraga, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran. Sarrerak salgai daude dagoeneko, bertsosarrerak.eus atarian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!