Etxean dute hitzordua asteburu honetan, talde nagusi gehienek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 22a, 00:00

Mundarroren eta Hernaniren arteko derbia, duela bi aste, Zarkumendegin.

Ohorezko Erregional mailan, mutilen taldeak 16:30etan du partidua eta neskenak 18:30etan. Gorengoen mailan, Mundarrok 16:00etan du norgehiagoka.

Jardunaldi honetan, etxean jokatuko dituzte norgehiagokak bailarako talde nagusi ia guztiek. Hernaniarrei dagokienez, Ohorezko Erregional mailan, mutilen taldeak Añorga izango du aurrez aurre gaur, 16:30etan. Nesken taldeak, berriz, Tolosaren aurka neurtuko ditu indarrak gaur, 18:30etan hasita. 

Neskak borobil aritu dira orain arte, bost partidutik bost irabazita. Geldiezin dabil Aritz Lujanbiok, Maialen Fuentesek eta Beñat Leizak gidatutako taldea, eta horixe bera ziurtatzeko asmotan jasoko dituzte tolosarrak, gaurko hitzorduan.

Bere aldetik, Unai Munduateren, Imanol Mitxelenaren eta Edu Karreraren taldeak ere erritmo onari eutsi nahi dio. Izan ere, seitik partidu bakarra galdu dute hernaniarrek, eta puntuak batzen jarraitzea dute helburu. 16 punturekin, Añorgak sailkapeneko lidergoa du une honetan, eta lehia estua espero da. 

Gorengoen mailan, Mundarroko lehenengo taldeak Oiartzunen kontra du partidua gaur, arratsaldeko 16:00etan, Zarkumendegin. Joan den astean, Euskaldunaren aurka galdu zuten astigartarrek, Andoainen, eta garaipeneko gosea izango dute oraingo honetan, hiru puntuak etxean gelditzeko. 

 

Nazionala, etxetik kanpo

Liga Nazionaleko jubenilek Barakaldo izango dute aurkari. Etxetik kanpo arituko dira gaur, 17:00etan, San Vicente zelaian. Orain arteko norgehiagokatan, denetariko emaitzak lortu dituzte berdeek. Baina Aingeru eta Haritz Otxotorenaren taldeak argi utzi du maila mantentzeko gai dela, eta horixe izango du gaurko jomuga, maila ematen jarraitzea eta garaipeneko hiru puntuak Zubipera ekartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!