Badator Gau Beltza, eta hainbat ekintza izango dira datozen egunetan ospakizuna prestatzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 22a, 00:00

Arimen Gauerako mozorroak prestatzeko aukera izango da bailaran.

Gaur, jantziak egiteko tailerra izango da Erribera kulturgunean. Arratsaldeko 17:00etan jarri dute horretarako zita, eta doakoa da sarrera. Norberak eraman beharko ditu etxeko oihal, maindire eta zapi zaharrak.

Kalabazak hustu, kandelak piztu... Horretarako tartea izango da datozen egunetan. Izan ere, urriaren 31ren bueltan ospatuko da Gau Beltza, eta motorrak berotzen hasiak dira, dagoeneko, bailarako zenbait talde eta eragile. Ohitura zaharrak berreskuratzeko asmotan, Arimen Gauaren bueltako egitaraua prestatu dute, besteak beste, Astigarragako Gazte Asanbladak, Dobera Euskara Elkarteak, Xaguxar Aisialdi Taldeak eta Burrunba Hernaniko Gazte Euskaltzaleen Taldeak. 

Gaur, jantziak egiteko tailerra izango da Erribera kulturgunean. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, doako sarrerarekin, urriaren 31rako mozorroak prestatu ahal izango dituzte bertaratzen diren guztiek. Hori bai, antolatzaileek aurreratu dute etxetik eraman beharko direla oihal, maindire eta zapi zaharrak. Horrela, nork bere jantzia osatuko du, dinamizatzaileen aholkuak jarraituta. 

Hernanin ere izango da tailerra, urriaren 30ean

Astigarragan ez ezik, Hernanin ere antolatu dute Gau Beltzeko makillaje eta mozorro tailerra. Urriaren 30ean izango da, 16:30etan, Atsegindegin. 

Sortutako jantziekin, urriaren 31ko kalejiran parte hartu ahal izango dute herritarrek, Arimen Gauean bete-betean murgilduta. Astigarragan, 19:30etan abiatuko dira hilerritik, eta Foru Plaza izango dute helmuga. Hernanin, berriz, kontrako bidea egingo dute, Plazatik hasita eta hilerrian amaituta. Gero, hilerritik herrira jaitsiko dira berriro ere, eta bertan jarraituko du festak.

Horrekin batera, ospakizunerako prestatutako gainerako ekintza guztien berri datorren astean emango du Kronikak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!