Larunbatean hasiko dituzte finalaurrekoak, Elizondon, Unai Agirrek eta Agin Laburuk

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 20a, 00:00

Unai Agirre eta Agin Laburu, elkarrekin bertsotan, Ereñotzuko San Antoniotan.

Bigarren fasean sartuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta aurreneko finalaurrekoan ariko dira Laburu eta Agirre, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Kanporaketak gaindituta, fase erabakigarrian sartzear da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Larunbat honetan hasiko dira finalaurrekoak, eta aurreneko saioan kantatuko dute Agin Laburu astigartarrak eta Unai Agirre hernaniarrak. Elizondon izango da hori, arratsaldeko 17:00etan hasita. Haiekin batera, beste lau bertsolari ariko dira: Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi eta Onintza Enbeita. 

Bi itzuli izango ditu finalaurrekoen faseak, eta 24 bertsolarik ekingo diote. Horietatik, zortzi dira Urumea bailararekin lotura dutenak: Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Nerea Elustondo, Nerea Ibarzabal eta Asier Azpiroz, kanporaketetatik sailkatutakoak; eta Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi, orain ekingo diotenak, aurreko txapelketan finalista izan zirelako. Lau saiotan banatuta ariko dira 24 bertsolariak, datozen lau larunbatetan; eta 18 onenak sailkatuko dira bigarren itzulira, beste saio bana jokatzeko. Bi itzulietako puntuak batuta, zazpi onenak sailkatuko dira finalera, Maialen Lujanbio hernaniarrarekin batera aritzeko Iruñeko Nafarroa Arenan, abenduaren 18an.

 

Agin Laburu: «Kantukideak ikusita, saio bizia espero dut»

«Nahiko deskontzentratuta» harrapatu zuen kanporaketak Agin Laburu, eta ez zuen «espero bezain saio ona» egin. Edonola ere, 685 punturekin, erraz egin zuen aurrera: «Espedientea kunplituta, askoz ere lasaiago joango naiz finalaurrekoetara». Elizondon kantukide izango dituenak ikusita, astigartarrak saio «bizia» espero du, «jolasteko aukera emango duena». Teknika baino, «jarrera» landu du azken asteotan: «Burua zentratzen saiatu naiz». Ez da finalera sailkatzeko aukeran pentsatu nahi, «ez baita erreala. Saio on bat egin nahi dut, erakutsi nola egiten dudan bertsotan, eta etorri beharrekoa etorriko da».

 

Unai Agirre: «Behin finala bizita, presioa kendu dut»

Aurten txapelketari finalaurrekoetan ekinda, «martxan dijoan tren batera saltatu behar izana­ren sentsazioa» dauka Unai Agirrek, baina «eguna iristeko gogoz» dago. Prestaketa berezirik egin gabe, baina «lanak eginda» iritsi da txapelketara; eta «hasierako saioa beti inkognita bat izaten den arren», bere lanarekin gustura gelditu nahi du, bertsotan ahalik ondoen egin, eta gozatzen saiatu, «hori ez baita erraza izaten. Behin finala zer den bizita, presioa kendu dut nik. Ez dakit ona edo txarra den, baina ez daukat irrika hori. Iritsiz gero zoragarria izango da, noski. Aurrekoan finalista izanda, iruditzen zitzaidan parte hartu beharra neukala: oraindik ez dudalako azken hitzik esan, batetik; baina bestetik, atzetik datozenentzat in­teresgarria delako, aurrera egiten badute, lehen egon garen batzuen gainetik egitea aurrera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!