Euskadi Bono Denda kanpaina, martxan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 00:00

Atzotik abenduaren 4ra arte erabili daitezke deskontu-bonoak, Urumea bailarako 40 establezimendutan.

Euskadi Bono Denda kanpaina jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, aurten, komertzio txikiari bultzada emateko asmoz. Ekainetik uztailera egin zuen kanpainaren aurreneko zatia, eta atzo hasi zuen bigarrena: abenduaren 4ra arte erabili ahal izango dira deskontu-bonoak, Euskal Autonomia Erkidegoko ehunka establezimendutan; tartean, Uru­­mea bailarako 40tan.

Izan ere, Hernaniko 35 eta Astigarragako 5 establezimendu batu dira kanpainara, eta horietan, 10 euroko deskontua eskatu daiteke kanpainak iraun bitartean, 30 eurotik gorako erosketetan. Honakoak dira, bost establezimendu astigartarrak: Argysan, Electroprecio.com, Ezpela naturdenda, Mon paperdenda eta Tranko hipika denda. Hernanikoak, berriz, 35 hauek: Apain, Begira optika, Bikas Zangitu, Biokbi optika, Irigoyen oinetakoak, Distira, Distopia Games, Elkar, Eukene jantzidenda, Federopticos, Feli 1945, Foto Torres, Gardanbera ekodenda, Gaueko, Hiru, Ibai-Mendi, Ikusi-Makusi, J&T, Zabala bitxidenda, Kera, Kue lentzeria, Laket, Hoki lentzeria, Mahuka, Marna, Naturhouse, Nekane edergintza, Nibiru edergintza zentroa, Oihala, Olatz Zabalegui, Orekan dietetika, Ttilin Ttolon belardenda, Urrats oinetakoak, Xabier Zabalegui eta Zaletu. Kanpainara batu diren establezimendu guztien zerrenda, ikusgai dago euskadibonodenda.eus webgunean.

 
Nola erabili deskontu-bonoak?
Kanpainako deskontu-bonoak aprobetxatzeko, ez dago bonoak aldez aurretik eskuratu beharrik. Denda horietako batean 30 eurotik gorako erosketa eginez gero, 10 euroko deskontua eskatu daiteke momentuan, kanpaina baliatuz. Pertsona bakoitzak bost deskontu-bono erabili ahal izango ditu gehienez ere, kanpainak iraun bitartean. EAEn bizi diren 16 urtetik gorako guztiek eskatu ditzakete bonoak.
Bezero batek deskontua eskatutakoan, establezimenduek euskadibonodenda.eus plataforman emango dute bezeroaren NANa, eta erosketa-tiketaren kopia bat erantsiko dute. Posible izango da erosketa berean deskontu-bono bat baino gehiago erabiltzea, baina horretarako, gutxienez 30 euroko gastua egin beharko da, erabili nahi den bono bakoitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!