Berriro garaipena, Ur-Miak eta Elur Txorik

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 00:00

Joan den asteburuan, garaipena lortu zuten Elur Txorik eta Ur-Miak.

Duela bi asteburu hasi zen martxa hartzen berriro, bolako Taldekako Txapelketa. Urriaren 8ko jardunaldian, sekulako emaitzak lortu zituzten Ereñotzuko Ur-Miak eta Elur Txorik. Hernanik ordea, gutxigatik, baina porrota jaso zuen. 

Hernanik etxean jokatu zuen, Zarautz 1 en aurka. Migel Arrozpidek, Jose Antonio Ugarteburuk, Mikel Arroiok eta Iñigo Arrozpidek osatu zuten laukotea, eta porrota jaso zuten, 7-9 galduz. 

Ur-Miak ere etxean jokatu zuen, Zarautz 2ren aurka, eta 13,5-2,5 irabazi zuten, Leandro Minerrek, Iñaki Minerrek, Jose Mari Etxebestek eta Ibon Minerrek. Denera, 496 brila bota zituzten ereñotzuarrek. 

Azkenik, Elur Txoriko laukoteak Arrobitxulon izan zuen joan den asteburuan jardunaldia, eta sekulako garaipenarekin (1-15) itzuli ziren etxera. Elur Txoriko laukotea ondorengoek osatu zuten: Benito Loitegi, Fernando Gallego, Fermin Zuloaga eta Rosa Santos. 

 

Bolari guztiak elkarren aurka 

Aurreneko fasean, sei tiraldi jokatuko ditu talde bakoitzak, azaroaren 13ra bitartean. Talde bakoitzaren aurka, behin etxean jokatuta eta behin kanpoan. Tiraldi bakoitzean, bolari guztiak elkarren aurka ariko dira txandaka. Eta txanda bakoitzeko irabazleak puntu bat emango dio taldeari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!