Primeran hasi dute Taldekako Txapelketa Elur Txorik eta Ur-Miak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00

Ur-Miak irabazi zuen Taldekako Txapelketa, joan den urtean.

Garaipena lortu zuten aurreneko jardunaldian, joan den asteburuan. Hernanik, ordea, galdu egin zuen.

Martxan da bolako Taldekako Txapelketa. Joan den asteburuan hasi zen, eta ondo ekin zioten Ereñotzuko Ur-Miak eta Hernaniko Elur Txorik, garaipen bana lortuta. CD Hernanik, ordea, galdu egin zuen.

Ereñotzun bertan hasi zuen Ur-Miak, iaz lortutako txapelaren defentsa, ostiralean. Leandro Miner, Iñaki Miner, Joxe Mari Etxebeste eta Ibon Miner aritu ziren, eta Ostadar hartu zuten mendean: 9,5 puntu lortu zituen Ur-Miak, eta 6,5 Ostadarrek.

Etxean hasi zuen txapelketa Elur Txorik ere, Hernanin. Benito Loitegik, Fernando Gallegok, Fermin Zuloagak eta Rosa Santosek osatu zuten laukotea, eta 9-7 menderatu zuten Zarautz 1.

CD Hernanik, berriz, Arrobitxulon jokatu zuen tiraldia, Herreraren kontra, eta 10-6 galdu zuten. Miel Arrozpide, Mikel Arroio, Jose Antonio Ugarteburu eta Iñigo Arrozpide aritu ziren, hernaniarren aldetik.

Iazko formatu berbera izango du txapelketak. Lau multzotan banatuta ariko dira taldeak: Beheko A multzoan ariko dira Elur Txori eta CD Hernani, Zarautz 1ekin eta Herrerarekin batera; eta Beheko B multzoan Ur-Mia, Zarautz 2rekin, Ategorrietarekin eta Ostadarrekin. Goiko bi multzoetan, berriz, Gabiriko, Legazpiko, Zeraingo, Segurako eta Belauntzako taldeak ariko dira.

 

Finalerdiak azaroaren 20ko astean, eta finala 27an

Aurreneko fase honetan, sei tiraldi jokatuko ditu talde bakoitzak, azaroaren 13ra arte: talde bakoitzaren kontra, behin etxean eta behin kanpoan. Tiraldi bakoitzean, elkarren kontra ariko dira bolari guztiak, txandaka; eta txanda bakoitzeko irabazleak puntu bat emango dio bere taldeari (berdinketa kasuan, puntu erdia jasoko du bakoitzak). Horrela, guztira 16 puntu izango dira jokoan.

Ligaxkako sei jardunaldiak jokatuta, multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira finalerdietara. Azaroaren 20ko astean jokatuko dira horiek: Beheko A multzokoak, Beheko B multzokoen kontra, eta Goikoak berdin. Horrela, lau talde sailkatuko dira final haundira: azaroaren 27an jokatuko dute, Donostiako Arrobitxuloko bolatokian.

Aste honetan, Zarautz 1en kontra ariko da CD Hernani, etxean; eta kanpoan jokatuko dute tiraldia Elur Txorik Herreraren kontra, eta Ur-Miak Zarautz 2ren kontra.

Emakumezkoen multzo bat ere izango da aurten, hiru talderekin; baina ez da Urumea bailarako talderik izango horien artean. Zerain, Gabiri eta Zarautz ariko dira lehian. Bi onenak sailkatuko dira finalera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!