Bere indarra erakutsi du Mundarrok berriro etxean, Irauli menderatuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 00:00

Mundarroko Salas, airean pasea bilatzen, lau kontrarioren artean.

Mutil astigartarrek 54-45 irabazi zuten, aurreneko zatian tarte haundia lortuta. Hernanik ezin etxean, Debasketen kontra.

Bigarren partidua etxean, eta bigarren garaipena. Ondo hasi du denboraldia Mundarrok, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan; eta bereziki Astigarragako kiroldegian ari da erakusten bere indarra. 54-45 menderatu zuen Bosteko Irauli larunbatean, aurreneko zatian tarte haundia lortu ondoren.

Astigartarrek 16-12 hartu zu­ten aurrea lehenengo laurdene­an, baina bigarrenean eman zu­­ten kolpe nagusia: 11-4ko par­tzi­ala lortu, eta 11 punturen alde­arekin iritsi ziren atsedenaldira (27-16). Hortik aurrera, abantailari eustea zegokion Mun­darrori, eta hala egin zuen, nahi baino gehiago kostatu arren. Donostiarrak zazpi puntura murriztu zuen aldea hirugarren laurdenean, baina azkenekoan sendo aritu ziren astigartarrak, eta garaipenak ez zien ihes egin.

 

Garaipenak ihes, Hernaniri

Beste porrot bat jaso zuen, aldiz, Hernanik, mutilen Gipuzkoako bigarren mailan: 57-61 galdu zuen etxean, Debasketen kontra. Ia partidu osoan izan zen markagailuan atzetik Hernani, baina uneoro garaipenaren lehian sartuta. 25-29 iritsi ziren atsedenaldira, eta hirugarren laurdenean debarrek aldea beste hiru puntutan haunditu arren (38-45), azkeneko laurdenean puntu bat aurretik ere izan zen Hernani. Bukaeran gehiago asmatu zuen Debasketek, ordea, eta ihes egin zien garaipenak hernaniarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!