Bi garaipen haundi lortu dituzte Hernaniko bi talde nagusiek, kanpoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 00:00
Liga Nazionalekoen porrota izan zen, Hernaniren albiste txar apurretakoa.

Neskak 1-4 nagusitu ziren Beti Gazteren zelaian, eta mutilek 1-2 menderatu zuten Bergara, Arrasaten.

Oso asteburu ezberdina izan dute Hernanik eta Mundarrok, futbol taldeei dagokienean: primerako emaitzak lortu dituzte berdeek orokorrean, eta kaxkarrak izan dira, aldiz, moreenak.

Talde nagusietan ere islatu dira emaitza horiek, bi kasuetan. Hernanik bi garaipen haundi lortu ditu Ohorezko Erregional mailan, biak ere etxetik kanpo. Lesakan jokatu zuten neskek larunbatean, Beti Gazteren kontra; eta 1-4 nagusitu ziren. Markagailuak erakusten duena baino gogorragoa izan zen partidua berdeentzat, baina gol aukerak aprobetxatzen gehiago asmatu zuen Hernanik: hiru gol egin zituen Lorea Lasak, eta beste bat Cesia Sotok. Sekulako mailan hasi du denboraldia Hernanik, eta lider jarri da, Realari aurrea hartuta: bederatzina puntu dauzkate.

Garaipen polita lortu zuen mutilen taldeak ere, igandean Arrasaten: 1-2 menderatu zuten Bergara, Lander Petxarromanen eta Eñaut Apezetxearen golekin. Horrela, estreinako garaipena lortu dute etxetik kanpo, eta sailkapeneko seigarren postura igo dira, zazpi punturekin.

Asteburua borobiltzeko, irabazi egin dute Erregional Preferenteko bi talde hernaniarrek ere: neskek 3-0 menderatu zuten Zestoa, eta mutilek 2-0 Usurbil. Liga Nazionaleko mutil jubenilena izan zen albiste txarra, 1-2 galdu baitzuten Danok Baten kontra.


Mundarrok ezin, Irunen

Bestelakoa izan da asteburua Mundarrorentzat, partidu gehi­enak galduta. Erregional Preferenteko mutilek, esaterako, ezin izan zuten punturik ekarri Irundik, Real Unionen zelaitik. Ondo borrokatu zuten astigartarrek, eta lana eman zioten liderrari, baina 2-1 galdu zuten azkenean.

10garren minutuan, penaltiz hartu zuen aurrea talde irundarrak, baina kolpeari ondo erantzun zion Mundarrok, eta izan zituen gol aukerak aurreneko zatian: goiko zutoina jo zuten, horietako batean. Ondo ekin zioten bigarren zatiari ere, liderra deseroso sentiaraziz; eta azkeneko minutuetan estututa, saria lortu zuten 91garren minutuan, Garziandiak berdinketaren gola eginda. Pozak oso gutxi iraun zien moreei, ordea: partiduko azkeneko jokaldian lortu zuen garaipenaren gola Real Unionek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!