'Etxera bidea gertu!' lelopean, jaialdia Donostian, datorren larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 00:00

Sarek antolatuta, eskualde mailako deialdia izan zen Urnietan, urriaren 8ko jaialdia aurkezteko.

Sarek antolatuta, euskal presoen alde aurtengorako antolatutako hitzordu haundiena da. Urnietan aurkeztu zuten, Sanmiel bezperan.

Sanmiel jaien bezperan, Urnietako Plazido Muxika plazan batu ziren eskualde mailako herritarrak, Sarek deituta. Izan ere, euskal presoen aldeko jaialdia antolatu dute Donostian, larunbaterako. Etxera bidea gertu! lelopean, egun osoko egitaraua prestatu dute, adin tarte guztientzat. Denetarik izango da: musikariak, bertsolariak, pailazoak...

Egindako agerraldian, urriaren 8ari begirako gonbite bikoitza egiten zuten: batetik, Donostiako Bulebarretik 11:00tan irtenda azken kilometroak egiteko; ondoren, 12:00etan, Pio XII plazan hasiko den manifestazioan parte hartzeko; eta bestetik, egun berean, Illunben 15:30etatik aurrera musika taldeekin, pailazoekin eta bertsolariekin antolatu duten jaialdiarekin gozatzeko.

 

Irakurraldia, Urnietan

Plazido Muxikan elkartu, eta honako irakurraldia egin zuten: 

«Duela urtebete, etapa garrantzitsu bat bete genuen. Guztion ahaleginari esker, gizartearen etengabeko aktibazioari esker, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak uztea lortu zen: Andaluzia, Murtzia, Levante eta Galizia. Lehen urrats garrantzitsua izan zen orain bizitzen ari garen euskal herriratze prozesua garatze bidean.

Gaur, irribarre egiten hasi gaitezke, aurrera egiten ari baikara. Baina geldialdirik egin gabe, bide luzea baitugu oraindik ere aurretik, euskal presoek eta haien senideek oraindik jasaten dituzten urraketa guztiak atzean geratzea nahi badugu.

Eta bide hau, orain arte egin dugun moduan, elkarrekin egingo dugu. Hori izan da honaino ekarri gaituena, elkarrekin kalean, aktibo, lanean aritzea. Eta bide horretan jarraitu asmo dugu, euskal herriratzeak guztiz gauzatu bitartean.

Espetxeak bere baitan biltzen duen etxeratze prozesua gauzatzeko ordua da. Eta horretarako salbuespenak araua izateari utzi behar dio; graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak, gurasotasun eta familia eskubideak... bide horretan aurrera eginez jarraitu beharra dugu.

Egin dezagun irribarre, baina lan egiten jarraitzeko, atzerapausorik eman gabe. Egin dezagun festa, aldarriak soinean, indarrak batzen jarraitzeko. Eta, horretarako, badaukagu data garrantzitsu bat jarrita: urriaren 8a, Donostian.

Hau, Sarek aurtengo urtean egingo duen mobilizazio eta jaialdi handiena izango da Etxera bidea gertu! lelopean. Donostia txiki utzi behar dugu egun horretan; goizeko 11:00etan Bulebarretik azken kilometroak eginez, 12:00etan Pio XII.tik irtengo den manifestazio jendetsuan etxera bidea gertu dela aldarrikatuz eta ondoren gaurkoan moduan, Illunben, jai giroan elkarrekin etapa berriei ekinez.

Sarek aldarrikapena eta festa batu nahi izan ditu, urriaren 8an Donostian, urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro Donostian batuz. Hori hala, dei egiten dizuegu guztioi  urriaren 8an goizetik Donostiara gerturatzeko, azken kilometroa egin, manifestazioan parte hartu eta Illunbeko jaialdiaz gozatzeko.

Etxera bidea Gertu dugu eta gu ere Gertu-Prest gaude!! Segi dezagun lanean elkarrekin, orain arte bezala. Lortuko dugu!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!