Ekain Lizeaga txapeldun Oñatin, Egigurenekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 00:00

Egiguren eta Ekain Lizeaga, txapelekin, Oñatin.

San Miguel Torneoko finalean, 23 urtez azpiko mailan, 22-19 garaitu zituzten Ariztegi eta Apezetxea goizuetarra.

Ekain Lizeagak asteburu borobila izan du esku pelotan. Atzelari astigartarrak Oñatiko San Miguel Torneoa irabazi du, Egiguren azpeitiarrekin batera. 23 urtez azpiko mailan, 22-19 irabazi zuten, igandean Ariztegi eta Antton Apezetxea goizuetarraren aurka. Gainera, Lizeagak El Diario Vasco txapelketa preziatuan jokatu zuen ostiralean, Bergaran. Fernándezekin bikote osatuz garaipen borobila eskuratu zuten, 22-12, De la Fuente eta Azkarragaren kontra. 

Bere anaia den Eñaut Lizeaga aurrelaria gaur, 19:00etan, Egiako Juanito Alvarez Memorialean izango da. Landarekin batera, Amiano eta García izango dituzte aurkari, Junior mailan.

 

Mundarrok, Hernani garaitu zuen

Gipuzkoako Txapelketan, Nagusien lehenengo mailan ere aritu zen Eñaut Lizeaga, larunbatean. Gurutzealderekin batera, Salaberria eta Labaka hernaniarrak garaitu zituzten 20-22. 

Jardunaldi kaxkarra izan dute pasa den asteburuan C.D.Hernaniko pelotariek, txapelketa ofizial eta pribatuetan. Lau garaipen eta bederatzi porrot izan dituzte guztira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!