Enara Mazizior eta Irati Saralegi txapeldun, Astigarragako txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 4a, 00:00
Irati Saralegi eta Enara Mazizior, txapela eta garaikurrarekin.

Txomiñenen, 30-22 irabazi zuten finala Cruz eta Kerejetaren aurka 10-1 galtzen 
hasi eta gero.

Enara Mazizior eta Irati Saralegi dira Astigarragako Emakumezkoen Paleta Gomazko txapelketaren txapeldunak. Larunbatean jokatutako finalean Aitziber Cruz eta Ane Kerejeta garaitu zituzten 30-22. Txapelketaren lehenengo edizioan lau bikotek hartu dute parte eta talde ezberdinetako palistak nahastuta aritu dira. Honela, finalaren garaileak Hernani eta Mundarro taldekoak dira eta finaleko aurkariak Loiolotarra eta Hernaniko palistak.

Finalak emozioa izan zuen eta batez ere buelta galanta. Mazizior eta Saralegi galtzen hasi ziren, erraz, 10-1. Bost tantora hurbildu ziren 13-8 eta hiru-lau tantoko desabantailak izan eta gero lortu zuten berdintzea finala 20na. Azken txanpan gorriek erreskadan egin zituzten tantoak eta 30-22 lortu zuten txapela irabaztea. 10-1 eta gero partziala 29-12koa izan zen garaileen alde. 

 

Denetariko emaitzak, Gipuzkoakoan

Gipuzkoako Paleta Gomazko Txapelketan hainbat partidu jokatu dituzte bailarako bikoteek. Nesketan, Nagusien Lehenengo mailan, Su Berrik ongi irabazi zion Hernaniri. Irazustabarrena eta Huzik jokatu zuten, baina Galdos eta Mendizabal hobeak izan ziren Anoetan. 

Neska Nagusien Bigarren mailan, Enara Mazizior eta Ane Kerejeta jubenilek, hirugarren garaipena jarraian lortu zuten, 20-30, Intxurre 2ren aurka. Hernani 2ko Balerdi eta Urienek ezin izan zuten Ataunen jokatu gaixotasun bategatik eta ondorioz 30-0 galdutzat eman zieten partidua. Maila berean, Mundarroko Arraras eta Elduak 30-14 galdu zuten Intxurre 1en kontra.

Mutiletan, Bigarren mailan Mundarroko Agirre-Zubiarrain bikoteak lehenengo partidua galdu zuten, 16-25, Lagunaken kontra. Hernaniko Arandia eta Zurutuzak garaipena ezagutu gabe jarraitzen dute 25-15 galdu eta gero Loiolatarraken kontra. Hirugarren mailan, Ezkerra-Larramendi astigartarrek 23-25 irabazi zuten Eple 2ren aurka, orain arteko hiru partiduak irabaziz. 

Jubenil nesketan, Iriondo-Miner eta Iribar-Tolaretxipik garaipen ederrak lortu zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!