Mundarro eta Hernani etxean gaur, Irauliren eta Debasketen kontra

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Hernanik lehenengo garaipena lortu nahi du.

Arratsaldeko 16:00etan hartuko du Debasket taldea Hernanik, eta 18:00etan Bosteko Irauli Mundarrok.

Denboraldiko hirugarren partidua jokatuko dute, gaur arratsaldean, Mundarroko eta Hernaniko mutilen talde nagusiek. Etxean ariko dira biak.

Bosteko Irauli talde donostiarra hartuko du Mundarrok, Gipuzkoako lehenengo mailan, arratsaldeko 18:00etan Astigarragako kiroldegian. Denboraldiko aurreneko partidua jokatu zuten astigartarrek etxean, eta garaipen ona lortu zuten Atletico San Sebastianen kontra. Hori horrela, berriro irabazi nahi dute etxean, joan den astean Donosti Dolphinsen kantxan galdu ondoren. Kontrario arriskutsua izango da Bosteko Irauli, edonola ere: orain arteko bi partiduetatik, etxetik kanpo jokatutakoa irabazi dute donostiarrek.

Hernaniarrek, berriz, Debasket hartuko dute kiroldegian, gaur arratsaldeko 16:00etan. Aurreneko garaipena lortu nahi du Hernanik, Gipuzkoako bigarren mailan, orain arte irabazi gabe dagoen beste talde baten kontra. Liga hasiera gogorra izan ondoren, aukera polita daukate hernaniarrek, zaleen aurrean irabazi eta haize pixka bat hartzeko.

 

Mundarroko neskak, datorren astean martxan

Mundarroko nesken talde nagusiak, bestalde, datorren astean hasiko du denboraldia. Gipuzkoako lehenengo mailan jokatuko du aurten ere, eta lau multzotan banatuta ariko dira 22 taldeak. Lehenengo multzoan dago Mundarro, beste lau talderekin batera: Atletico San Sebastian, TAKE, Tecnun eta Luberri.

Etxetik kanpo hasiko dute denboraldia astigartarrek, Luberriren kontra. Datorren ostiralean jokatuko dute, Donostiako Antigua Luberri BHI institutuan, iluntzeko 19:45etan hasita.

Etxeko aurreneko partidua urriaren 14an jokatuko dute, ostiralarekin hori ere: TAKE talde tolosarra hartuko dute kiroldegian, iluntzeko 19:40etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!