Etxean hasiko dute liga gaur, Hernaniko mutilek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Gipuzkoako bigarren mailako taldeak Pulpo hartuko du, 17:00etan kiroldegian, denboraldi berria hasteko.

Hernaniko mutil seniorren taldeak gaur jokatuko du denboraldi berriko aurreneko partidua, Zumaiako Pulpo taldearen kontra, arratsaldeko 17:00etan Hernaniko kiroldegian.

Aurreko denboraldian bezala, Gipuzkoako bigarren mailan ariko da Hernani, eta beste zortzi talderekin ariko da: Pulpoz gain, Donibane Kalaburtza, Donibane Bonantza, Munttarpe, Bergara, Elgoibar, Egia eta Txingudi. Talde bakoitzak 16 partidu jokatuko ditu aurreneko fasean, martxoaren 26ra arte; eta asteburu batean bai eta bestean ez tartekatuko dute atsedena eta partidua. 

Jubenilek eta kadeteek lehenago hasi dute liga aurten. Honela, denboraldiko bigarren partidua jokatuko dute jubenil eta kadete mailako taldeek. Neska kadeteetan, etxean jokatuko du Mundarrok, aurreko asteburuan Hernanin irabazi ondoren. Oraingoan, Zarautzen kontra ariko dira, gaur arratsaldeko 15:45etan, kiroldegian. Kategoria berean, atzo iluntzean jokatu zuen Hernanik, Urnietan, denboraldiko aurreneko garaipenaren bila. Mutil kadeteetan, berriz, atseden hartuko du talde hernaniarrak, asteburu honetan. Eta jubenilei dagokienean, etxean ariko dira Hernaniko bi taldeak: neskek Arrasate hartuko dute gaur, 12:30etan; eta mutilek Egiaren kontra jokatuko dute bihar, 11:45etan.

 

Ate irekiak gaur, Hernanin

Gaur bertan, bestalde, ate irekien saioa antolatu du Hernaniko Eskubaloi Taldeak, 11:00etan kiroldegian, bereziki 2010-2011 urteetako mutilei zuzenduta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!