Etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, bailarako hiru talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Mundarrok Irunen jokatuko du asteburu honetan.

Lesakan eta Arrasaten ariko dira Hernaniko Ohorezko Erregionalak, eta Irunen Mundarroko Erregional Preferentea.

Lesakan, Arrasaten eta Irunen izango dituzte asteburu honetako hitzordu nagusiak, Hernanik eta Mundarrok. Etxetik kanpo ariko dira bailarako hiru talde nagusiak, baina garaipena lortzen saiatuko dira hirurak ere.

Bidaia luze xamarra egin beharko dute Hernaniko bi taldeek, Ohorezko Erregional mailan. Lesakan jokatuko dute neskek, gaur arratsaldeko 17:00etan. Beti Gazteren kontra ariko dira, Mastegi zelaian, denboraldi hasiera onari segida emateko asmoz. Jokatutako bi partiduak irabazi dituzte hernaniarrek, biak alde haundiarekin. Beste maila bateko aurkaria da gaurkoa, eta partidu gogorra izango dute. Hernanik bezala, ligako aurreneko bi partiduetan lortu du garaipena Beti Gaztek ere.

Mutilek, berriz, bihar arratsaldean jokatuko dute, 16:30etan, Arrasateko Mojategi zelaian. Bergara egongo da aurrean, eta denboraldiko bigarren garaipena lortu nahi du Hernanik, aurreneko partiduan izandako sentsazio onak berreskuratuz. Hurrengo bi partiduetan gehiago kosta zaie berdeei, eta Aloña Mendiren zelaian galdu ondoren, Lagun Onakekin berdindu zuten etxean. Liga hasiera zaila izan du Bergarak ere, hiru partidutan puntu bakarra eskuratuta.

Garaipenaren bidera bueltatu nahi du Mundarrok ere, mutilen Erregional Preferente mailan; baina erronka zaila dauka horretarako. Irungo Gal zelaian jokatuko du, Real Union liderraren kontra, gaur 16:00etan. Dena den, moreek dagoeneko badakite zer den etxetik kanpo irabaztea...

 

Hernaniko mutil jubenilek, Liga Nazionalekoa etxean

Etxean ariko dena, Hernaniko mutil jubenilen taldea izango da, Liga Nazionalean. Gaur jokatuko du, arratsaldeko 16:30etan hasita Zubipen, Danok Bat B taldearen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!