Profesionaletara saltoa emango du Hodei Expositok, Aspe enpresarekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 1a, 00:00

Hodei Exposito, Asperekin.

Urriaren 8an egingo du debuta astigartarrak, Tolosako Beotibarren, promozio mailako lau t'erdiko ligaxkan.

Urtetan Aspe enpresarekin entrenatzen aritu ondoren, profesional mailara saltoa emango du Hodei Exposito astigartarrak, azkenean. 23 urterekin eman dio aukera Aspek, eta 2024ra arte sinatu du kontratua. Datorren larunbatean egingo du debuta, urriaren 8an, Tolosako Beotibar frontoian.

Ez da nolanahiko estreinaldia izango, gainera: promozio mailako lau t'erdiko txapelketako partidua izango du, ligaxkaren aurreneko jardunaldikoa. Txapelketan bertan hasiko du bere ibilbide profesionala, beraz.

Profesional mailan aritzea «amets bat betetzea» izango da astigartarrarentzat, eta garbi dauka zer nahi duen orain: «Jendeak nire jokoarekin gozatzea, eta Aspek emandako aukerarekin disfrutatzea nik ere».

Partidu garrantzitsuak Hernanin, Gipuzkoako lehenengo mailan

Asteburu honetan, bestalde, partidu garrantzitsuak jokatuko dituzte Hernanin, Gipuzkoako Txapelketako mutil nagusien lehenengo mailan. Gaur bertan, goizeko 11:30etan hasita, derbia izango da kiroldegiko frontoian: Xabier Salaberria eta Iñigo Labaka hernaniarrak ariko dira, Eñaut Lizeaga eta Oier Gurutzealde astigartarren kontra. Eta bihar arratsaldean, Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrek jokatuko dute, 17:30etan hasita, Oiarpeko Ugalderen eta Zalakainen kontra.

Bihar bertan, 17:00etan, partidurik galdu gabe dagoen bikote hernaniar bat ariko da: Joseba Arretxe eta Manex Alberdi kadeteek jokatuko dute, Oiarpeko Galardiren eta Otaegiren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!