Azkeneko ostiraleko deialdi berezia gaurko, Hernanin eta Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 30a, 00:00

Iluntzeko 20:00etan jarri dute hitzordua bi herrietan, preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. 

Iraileko azkeneko ostirala da gaur, eta ohi bezala, preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte bailarako herrietan.

Hernanin, 20:00etan jarri dute hitzordua Plazan, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia preso eta iheslarien senide eta lagunek. «Gaur egun 13 preso dauzkagu herrian, baina legedi penitentziario arrunta aplikatuko baliete, 11 presok kalean beharko lukete. Hori ez da betetzen salbuespenezko espetxe politika ezartzen dietelako. Horregatik, kalera ateratzen jarraitu beharrean aurkitzen gara», adierazi dute.

Goizuetan ere egingo dute azkeneko ostiraleko elkarretaratzea, iluntzeko 20:00etan herriko plazan. Eta berezia izango da deialdia, asteartean Gudari Eguna izan zela eta. Azaldu dute, egun seinalatu horri ere egingo diotela erreferentzia kontzentrazioan, eta 1975eko irailaren 27ko gertaerak izango dituztela gogoan. Hori horrela, ekitaldira bertaratzeko deia luzatu diete goizuetarrei, aranoarrei, Benta Berrikoei, eta oro har Naparraldetik hasita Goizuetaraino bizi diren guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!