Kronika Erremonte Jaialdia izango da hurrengo ostiralean, urriaren 7an, 17:00etatik aurrrera Galarretan. Kronikak eta Oriamendik elkarlanean antolatutako ekitaldia da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, 12 euroan: Kronikan (Larramendi 11 behea), Ikatza tabernan (Astigarraga) eta Amaia kafetegia (Goizueta); egunean bertan ere salgai egongo dira, Galarretan. Sarrera bakoitzarekin, eskuratu ahal izango da pintxo eta edari bana. Frontoian, protagonista izango dira Loitegi eta Barrenetxea IV, Goikoetxea V eta Larrañaga, Urriza eta Apezetxea, eta Ansa II eta Martirena. Denera, jokatuko dituzte bi finalerdi eta finala. Gainera, berezia izango da aurtengo jaialdia. Izan ere, bailarako 22 sagardotegiren sagardoa dastatzeko eta pintxo goxoak jateko aukera izango da. Horrez gain, zenbait sortzaileren postuak ere izango dira, eta zuzeneko musikak girotuko du arratsaldea.