Euskerazko hedabideen dirulaguntza jasoko du Kronikak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 28a, 00:00

2019-2021 itunaldian baino %0,55 gehiago jasoko du. Estaldura-mailari dagokionez, Kronikaren aurrekontuaren %43 finantzatzen du. 

Herri edo eskualde mailako euskerazko hedabideentzako 2022-2024 aldirako deialdiari dagozkion behin-betiko dirulaguntzak argitaratu ziren astelehenean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Kronikari dagokionez, guztira, 546.806 euroko dirulaguntza jasoko du hiru urtetan; hau da, laguntza hori izango da 2022an, 2023an eta 2024an banatzeko. 

Dirulaguntza hau lehiarik gabekoa da, eta, 2019-2021 itunarekin alderatuta, %0,55 gehiago jasoko du Kronikak oraingo deialdian. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak %5 igo zuen dirulaguntza poltsa. Hedabide bakoitzaren kostu estandarraren arabera egiten da banaketa eta, hori egiteko, kontuan hartzen dira, besteak beste, argitaratzen diren urteko orrialde kopurua, maiztasuna eta Internetera bideratzen diren edukiak. 

Hala eta guztiz ere, hedabideek egindako eskaeretan, dirulaguntza poltsa gainditu da. Horrenbestez, onartzen dieten kostu estandarra baino diru gutxiago jaso dute komunikabideek, %80 gutxi gorabehera. 

Uztailean argitaratu zen GAOn behin-behineko ebazpena, eta 10 eguneko epea ireki zen helegiteak egiteko. Kronikak alegazioa jarri zuen, dirulaguntza kalkulatzean hainbat akats antzeman zirelako orrialde-kopuruari eta maiztasunari dagokienez. Horiek egiaztatu ondoren, alegazioa onetsi da, eta ondorioz, bestelakoa da behin-betiko ebazpenean argitaratutakoa. Orain, behin-betiko ebazpena argituta, %11,66 gehiago atera du Kronikak: guztira, 57.120 euro gehiago behin-behineko ebazpenean baino.

Jasotako dirulaguntza Kronikaren finantziazioaren %43 da. Ehuneko horri gehitu behar zaizkio Urumea bailarako Udalek (Astigarragak, Aranok, Ereñotzuk, Goizuetak eta Hernanik) urtero ematen duten dirulaguntza. Hiru urtetako aurrekontua 1.300.000 eurotakoa dela kontuan izanik, gainerako guztia, berriz, autofinantzaketa bidez lortzen du Kronikak. 

Bide horretan, Kronikak, bizirauteko, ezinbestekoa du irakurleen babesa. Horrexegatik sortu da, besteak beste, Kronikakide figura. Urtean 30 euro ordainduta, bultzada haundia eman daiteke. Informazio gehiagorako, sartu www.kronika.eus webgunean, deitu 943 33 08 99 edo 688 660 714 telefonoetara, edota bertaratu bulegora (Larramendi 11).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!