Lizeagatarrek 22-19 garaitu zituzten Apezetxeatarrak, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 00:00

Alebinek beraien artean jokatu zuten larunbatean.

Sagar Uztaren jaiaren barruan anai astigartarrek, Apezetxea goizuetarren kontra lortu zuten garaipena.

Sagar Uzta Jaiaren barruan, igande arratsaldean, partidu berezia jokatu zuten Txomiñenen. Alde batetik, Eñaut eta Ekain Lizeaga astigartarrak, gorriz, bikotea osatu zuten, eta bestetik, Beñat eta Antton Apezetxea goizuetarrak, urdinez aritu ziren.

Partidua oso lehiatua izan zen, puntako afizionatu mailako bi bikoteen artean, eta azkenik astigartar anaiek lortu zuten garaipena 22-19. Hurbildutakoek gozatu zuten lehiaketarekin eta oso parekatua izan zen partiduarekin. Nor baino nor aritu ziren eta azkenean etxean geratu zen garaipena.

Aurretik, bailarako pelotaririk gabe, neska profesional mailako partidua jokatu zuten Iera Agirre Iturriagak eta Oihana Orbegozok, Eneritz Arrietaren eta Maite Ruiz de Larramendi Mujikaren kontra.

Profesional mailan, Iker Salaberria goizuetarrak bi partidu jokatu ditu Logroñoko Adarraga frontoian eta garaipen bat eta porrot bat izan zuen. Zubizarretak eta Morgaetxeberriak 18-16 lortu zuten garaipena Salaberria-Arbizuren aurka eta pasa den asteartean, Salaberriak eta Etxebarriak, Zubizarreta eta Eskirozen aurka 18-15 irabazi zuten.

 

Emaitza onak, Gipuzkoako Txapelketan zortzi garaipenekin

Gipuzkoako Txapelketan, eskuz binaka eta lehenengo mailan, CD. Hernaniko Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak 22-10 irabazi zieten Altuna-Etxeberriari (Tolosa). Horrela, partidurik galdu gabe eta multzoko lider jarraitzen dute. B multzoan, Eñaut Lizeagak eta Barandiaranek ere, bitik bi garaipen eskuratu dituzte. Asteburuan, Epleko bikotea gainditu zuten astigartarrek, 22-17. 

Emaitza onak beste maila denetan izan zuten. Asteburu honetan C.D. Hernaniko pelotariek emaitza onak lortu dituzte une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan; hamar garaipen eta zazpi porrot izan da jardunaldiko azken balantzea. 

Jubenil bigarren mailan, Julen Deskargak eta Oier Azpeitiak 22-7 irabazi zioten taldekide diren Arabaolaza eta Urdangarini eta partidurik galdu gabe eta multzoko lider jarraitzen dute.

Senior hirugarren mailan, Garikoitz Arizmendik eta Anartz Oiartzabalek 22 eta 12 irabazi zuten Behar Zanako Aranburu eta Jauregiren aurka. Partidurik galdu gabe eta multzoko lider jarraitzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!