Porrota gogorrak jaso dituzte Mundarrok eta Hernanik, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 00:00
Hernanik ezin izan zion aurre egin Elorri Aldapari, etxean.

Astigartarrek 65-48 galdu zuten Donosti Dolphinsen kontra, eta hernaniarrek 34-51 Elorri Aldaparekin. 

Ez da asteburu gozoa izan, bailarako mutil seniorren taldeentzat. Porrota gogorra jaso zuten Mundarrok eta Hernanik, larunbat arratsaldean.

Astigartarrek Donostian jokatu zuten bigarren partidua, Gipuzkoako lehenengo mailan; eta 65-48 galdu zuten, Donosti Dolphinsen kontra. Gaizki ekin zion partiduari Mundarrok, eta 14-5 ari zen galtzen, aurreneko zortzi minutuak jokatuta. Lortu zuen markagailua pixka bat orekatzea, lehenengo laurdena bukatu aurretik (18-12), eta berdintsua izan zen bigarrena: tartea egin zuen berriro Donosti Dolphinsek (32-20), eta atsedenaldiaren aurretik gerturatu zen Mundarro (34-26). Hirugarren laurdena ondo hasi zuten astigartarrek, eta 36-33 gerturatu ziren; baina hortik aurrera, 13 puntuko tarte erabakigarria lortu zuen talde donostiarrak (49-36). Azkeneko laurdenean buelta ematen saiatu ziren astigartarrak, eta baita bost puntura gerturatu ere (51-46), bost minuturen faltan. Baina ezin izan zioten markagailuari buelta eman, eta berriro egin zuten ihes donostiarrek, azkeneko minutuetan (65-48).

Hernanik, berriz, aurreneko partidua jokatu zuen etxean, Gipuzkoako bigarren mailan. Elorri Aldapa talde alegiarra hartu zuen kiroldegian, eta ezin izan zuen garaipen batekin estreinatu zaleen aurrean: 34-51 galdu zuen. Hasieratik aritu zen ezinean talde hernaniarra, eta berehala lortu zuen aldea Elorri Aldapak. 7-15 bukatu zuten aurreneko laurdena, eta pixka bat gerturatzea lortu zuen Hernanik, bigarrenean (16-22). Are gehiago hurbildu ziren atsedenalditik bueltatu berritan (19-22), baina hortik aurrera, jaun eta jabe izan zen talde donostiarra, eta erabakita utzi zuen partidua, hirugarren laurdena bukatzerako (24-37).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!